euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Errekak Txoko Vasco delakoa eratu du Tres Arroyosen euskal kulturaren berri zabaltzeko komunitatean

2007/05/16

Txokoan parte hartu zutenetako batzuk
Txokoan parte hartu zutenetako batzuk

PUBLIZITATEA

Tres Arroyoseko 'Hiru Erreka' Euskal Etxeak Txoko Vasco (euskal txokoa) delako ekimena antolatu zuen estreinekoz joan den larunbatean, 'euskal kulturaren berri zabaltzeko bere inguruan'. Komunitate osoari zabaldutako ekitaldia da Txoko Vasco, eta zenbait ekintza baitaratzen ditu, zabalkunde asmo berarekin. Oraingo honetan euskal filme bat proiektatu zen, ondoren dantza ikuskizun bat eskainiz eta euskal osagaiak zeuzkan menu bat zerbitzatuz. Aurreikusitako sarrera kopurua aise agortu zen.
Joan den larunbatean egin zuen bere lehenengo 'Euskal Txokoa' Hiru Erreka Euskal Etxeak. Ekitaldia arratsaldeko zazpi t'erdietan hasi zen Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendari euskaldunen 'Aupa Etxebeste' filmearen emanaldiarekin, ondoren euskal menuko afaria zerbitzatu zelarik, txistorra, pintxoak, goxua eta edariak tartean. Kantina zerbitzuak gaualdi osoa iraun zuen.

Afaria amaituta, Hiru Errekako dantzarien txanda heldu zen, Euskal Herriko zenbait dantzarekin. Jarraian, Andrea Elgart 'Zenbakaitz' irratsaioko arduradun eta Euskal Etxeko lankide aktibo denak hitz batzuk irakurri zituen Aberri Eguna aipatuz. Zozketek ere euren tartea izan zuten eta euskal musika CDak zozketatu ziren. [Ezkerreko irudian, Hiru Errekako dantzariak euren errepertorioko dantzetako eskaintzen ari zirela]

'Hau izan da Euskal Txokoa egin dugun lehenengo aldia, baina urtero errepikatzea pentsatzen ari gara', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Jose Luis Artuch Euskal Etxeko lehendakariak. 'Gainera, urtero Aberri Egunarekin batera egitea gustatuko litzaiguke, bertaratutakoei azaltzeko zer den egun horretan ospatzen duguna eta Euskal Herriko egungo egoera ere aipatzeko, okerreko informazio asko baitabil'. Jaia arrakastatsutzat jo zuten antolatzaileek. Izan ere salgai jarritako sarrera guztiak agortu ziren.


Lotura interesgarriak

Tres Arroyoseko 'Hiru Erreka' Euskal Etxearen webgunea
www.hiruerreka.com.ar

Euskal Etxeak Jose Luis Artuch berrautatu du lehendakari
BasqueHeritage.com-en 2007ko maiatzaren 16an argitara emana

Hiru Errekak Tres Arroyoseko bost bizilagun saritu ditu
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 10ean

Hiru Erreka Gariaren jaian
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 23an

Emakumearen Astea Hiru Errekan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 13an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia