euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Errekak balantze positiboz hartu zuen parte 55. Gariaren Jaian; aurrera doa bere egoitza eraikitzeko proiektua

2024/03/21

Arrakasta handiz, Hiru Errekak bere dantza emanaldiarekin parte hartu zuen Gariaren Jai Probintzialaren 55. edizioaren hasierako gauean
Arrakasta handiz, Hiru Errekak bere dantza emanaldiarekin parte hartu zuen Gariaren Jai Probintzialaren 55. edizioaren hasierako gauean

PUBLIZITATEA

Tres Arroyos, Argentina. "Bost egun bizi-bizi izan ziren, asteazkenetik igandera, eta oso nekatuta amaitu genuen, baina oso pozik baita ere emaitzarekin". Halaxe laburbildu dio EuskalKultura.eus-i Hiru Erreka Euskal Etxeko lehendakari Myrian Hojbjerg Izurietak Tres Arroyos herri buenosairestarreko ospakizun herrikoi garrantzitsuena den Gariaren Jai Probintzialaren 55. edizioa. Martxoaren 6tik 10era egin zen megaekitaldiak jendetza bildu zen, ohi duen moduan, hainbat erakustaldi, egitarau artistiko anitza eta eskaintza gastronomiko zabala eskainiz bertaratutakoei.


Emaiozu begiratua: hona Fandangoa, Hiru Errekako dantzarien eskutik, inaugurazio gauean

120.000 pertsona baino gehiago pasatu ziren Tres Arroyoseko jaialdi nagusiena den honen azken ediziotik. Hiru Errekako dantzari taldeak Javier Calamaro, Jorge Rojas, Virus, Rodrigo Tapari eta La Delio Valdez bezalako artista nazionalak eta herriko bertako artista ospetsuenak izan zituen taulakide 'Juan Pesalaccia' agertokian eta fandango bat aukeratu zuen, Xabi Solanoren 'Dantza zati bat'en erritmopean, inaugurazio gaueko publikoaren aurrean aurkezteko, eta polito luzitu zen (ikus bideoa).


Stand gastronomikoan plater tradizionalak eskaini zituen Hiru Errekak, eta martxoaren 8an ez zuen aukera galdu eta emakumeak omendu zituen

Bere dantzarien lan ederraz gain, Hiru Errekak stand gastronomikoa muntatu zuen, eta bertan Euskal Etxeko arlo guztietako kideak aritu ziren lau egunak txandaz estaliz. Euskal Etxea pozik agertu da emaitzekin, eta diruari dagokionez ere, balantzea positiboa egin du. Bildutakoa oso lagungarria izango zaiolako bere kultur jarduerei eusteko eta egoitza soziala eraikitzeko planak garatzeko.

"Urte osoan jarraituko dugu lanean gure dantzariak trebatzen segitu ahal izateko, Bahía Blancako Euskal Aste Nazionalera joateko eta egoitza eraikitzeko planei eutsi ahal izateko, eta ziurrenik urte askotako ahalegina eta apustua izango dugu hori guztia, baina ez diogu beldurrik lanari eta erronka handia den honek guztiak motibatzen gaitu eta ez dugu etsiko amaitutzat eman arte", adierazi dio, adoretsu, EuskalKultura.eus-i, Hiru Erreka Euskal Etxeko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia