euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka Euskal Etxeak 'Patrimonio Tresarroyense' sariarekin omendu zituen herriko bost bizilagun

2007/05/10

'Tres Arroyoseko ondarea' sarien banaketa (argazkia Hiru ErrekaEE)
'Tres Arroyoseko ondarea' sarien banaketa (argazkia Hiru ErrekaEE)

PUBLIZITATEA

'Patrimonio Tresarroyense' edo 'Ondare tresarroyostarra' saria emateko ideia 2004an sortu zen, anonimotasunean eta ezagunak izan gabe herriko kulturaren edo ongizatearen alde lan egiten duten pertsonei omenaldia egiteko. 'Ohartu ginen jende asko dagoela gizartearen toki desberdinetatik ingurukoen eta komunitatearen alde gogor ari dena lanean. Gure asmoa pertsona horiei errekonozimendua eskaintzea, euren ekarpen solidarioa eta gure herriaren alde egiten duten lana sarituz', azaltzen du José Luis Artuch, Hiru Erreka Euskal Etxeko lehendakariak. Aurten, Euskal Etxean jaio baina Tres Arroyos osorako den sari honek herriko bost bizilagun saritu ditu: Miguel Ángel Sandez, Claudia Adelina Cinalli, Miguel Zotarelli, Honorino Pellitero eta Mirta Bertide. Agian beste euskal etxe batzuk bilduko dute idea euren komunitateetara egokitzeko.
Sarion banaketa Tres Arroyosen sorreraren 123. urteurrenaren ekitaldiekin batera egin zen, joan den apirilaren 22an, Euskal Etxearen egoitzan. Sari hauen bidez Euskal Etxeak omenaldia eskaini nai izan zien euren lanarekin Tres Arroyoseko ondarea aberasten duten pertsonei. José Luis Artuchek, euskal etxeko lehendakariak BasqueHeritage.com-i azaldu zioenez 'gaur egun ez dago Tres Arroyosen gisa honetako beste saririk, ez behintzat urtero ematen denik'.

Saria jasoko duten pertsonak aukeratzea ez da lan samurra, baina urtero-urtero, Hiru Errekako Zuzendaritza Batzordeak eta kideek saridunen izenak adostea lortu izan dute. 'Sariak lau izan ohi dira, baina aurten, iaz bezala, bost eman ditugu, sarietako bat bikoitza izan baita, elkarrekin lan egiten duten bi pertsonentzat', azaldu du Artuchek.

2007 saridunak

'Ondare tresarroyostarra' sariak ez dakar diru saririk baina bai ordea balio emozionala. Euskal Etxeak ematen duen sari honekin, aukeratutako pertsona hauek urteetan zehar egindako lana argitara ekartzen da. Hauek dira aurtengo saridunak: Miguel Ángel Sandez eta Claudia Adelina Cinalli, Minusbaliatuentzako Laguntza Batzordearen (Coadis, Comisióm de Ayuda al Discapacitado) aldetik; Jose Luis Artuch beraren eskuetatik eta Lía Duca, Tres Arroyos Udaleko Jai eta Omenaldi Batzordeko ordezkariarenetatik jaso zituzten sariak. [Ezkerreko irudian sari banaketako une bat (argazkia Hiru ErrekaEE)]

Sarituak izan ziren baita ere Miguel Zotarelli, arotz artisaua --saria bere alabaren eskuetatik jaso zuen-- eta Honorino Pellitero, brontze artisaua. Azkenik, Vilma Echemendi andreak Mirta Bertide-ri eman zion saria, Escuela 3-n egindako lanarengatik. Sari Banaketa bukatu ondoren askaria egin zen parte hartzaileentzat eta Euskal Etxeko dantzariek erakustaldia eskaini zuten. [Eskuineko argazkian 'Tres Arroyoseko ondarea' sarien banaketaren beste une bat (foto Hiru ErrekaEE)]


Lotura interesgarriak

Hiru Erreka Euskal Etxea, Tres Arroyos
www.hiruerreka.com.ar

Hiru Erreka Gariaren jaian
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 23an

Emakumearen Astea Hiru Errekan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 13an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia