euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka Euskal Etxeak 25 urte beteko ditu urrian eta aurreratzen ari da bere egoitza eraikitzeko lanak

2024/09/19

Bi hamarkada eta erdi baino gehiago bere jarduera garatzen aritu ostean, Hiru Errekak egoitza propioa izango du. Pedro N. Carrera kalean
Bi hamarkada eta erdi baino gehiago bere jarduera garatzen aritu ostean, Hiru Errekak egoitza propioa izango du. Pedro N. Carrera kalean

PUBLIZITATEA

Tres Arroyos, Argentina. Hiru Errekak bere lehenengo 25 urteak beteko ditu urrian. Hala ere, eta data gertu egon arren, oraindik ez dute zeharo erabaki nola ospatuko duten. Arrazoiak ez du, ordea, zerikusirik utzikeriarekin. Gauza da, egunotan, taldekideen energia guztia helburu bakar baten zerbitzura dagoela. Urte hasieran EuskalKulturako orrialdeotan aurreratu genuen bezala, Euskal Etxeak bere egoitza soziala eraikitzeko lanak hasi zituen, eta lagintza horretan segitzen du buru-belarri, presarik gabe baina etenik gabe.

Duela hilabete batzuk lursail hutsa besterik ez zen lekua, besterik da gaur egun. izan ere, Pedro N. Carrera kaleko 843. zenbakiari erreparatzen dionak Euskal Etxea izango denaren oinarriak ikus ditzake. Hormak ere altxatzen hasi dira. Eta batzuek metro eta erdia gainditzen dute dagoeneko. Hiru Errekaren egoitza eraikitzeko obraren lehen etapa da, eta oraingo helburua, areto nagusia izango denari teilatua jartzea da. Bigarren fasean sukaldea eta komunak eraikiko dira. «Etapaka goaza, iristen garen tokiraino. Urrats sendoz jarraitzea espero dugu”, adierazi digu zuhur Hiru Errekako lehendakari Myrian Hojbjerg Izurietak.

Sara Pagolaren bisita

Abuztuaren azken asteburuan, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola Azpiriren bisita jaso zuen Euskal Etxeak. Hitzaldi bat eskaini zuen, Hiru Erreka antolatzaile, Tres Arroyoseko Sociedad Rural elkartean. Euskadiko aktualitatea eta lanbide heziketarako politika publikoak hizpide, industriako hainbat sektoretako enpresariei eta ordezkariei zuzenduta egon zen. Pagolak Udaletxea ere bisitatu zuen, Hiru Errekako Myrian Hojbjerg, Horacio Jaureguibehere eta Celeste Cattaneo lagun. Bertan, Pablo Garate intendenteak harrera egin zien eta bisitariek obraren garapenean eskainitako laguntzagatik eskerrak eman zizkioten.

  
Myrian Hojbjerg Izurieta, Horacio Jaureguibehere, eta Sara Pagola Pablo Garate intendentearekin

  
Euskadiren Argentina-Mercosur-eko ordezkari Sara Pagolak Plaza Vasca bisitatu zuen  

 
Sara Pagola Hiru Errekako gaurko bazkideekin eta bazkide fundatzaileekin bildu zen

Bilera amaituta, Euskadiren ordezkariak Plaza Vasca bisitatu eta euskal presentziaren lekuko diren hiriko beste txoko batzuk bisitatu zituen. Baita ere Tres Arroyosko Parke Industriala eta Hiru Errekaren egoitza izango dena. Euskal Etxeko kide fundatzaileekin bazkaldu zuen. Bere bisitak oihartzun handia izan zuen bertako hedabideetan. "Topaketa beroa eta garrantzitsua izan zen Euskal Etxearentzat, begirada esberdin bat ekarri digu eta, horrez gain, beste era batera ikustarazi gaitu Tres Arroyoseko gizartearen aurrean", laburbildu du Hiru Errekako lehendakari Myrian Hojbjergek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia