euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka EEaren partaidetza nabaria, azken urteetako arrakastatsuena izan den 2016ko Gizatalde Azokan

2016/09/06

Hiru Erreka Euskal Etxearen standa abuztuaren 28an Tres Arroyosen egindako Kolektibitateen Azokan
Hiru Erreka Euskal Etxearen standa abuztuaren 28an Tres Arroyosen egindako Kolektibitateen Azokan

PUBLIZITATEA

Aho batez adierazten dute bai antolatzaileek bai kolektibitateetako ordezkariek aurtengo Gizataldeen Azoka azken edizioetako onena izan zela Tres Arroyosen, Buenos Aires probintzia argentinar hego-mendebaldean. Batetik espero baino publiko gehiago bertaratu zelako ekitaldira; bestetik, kolektibitate partaideen kopurua ere igo zelako. Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxea ekitaldi honen protagonista izan zen, erakundean garatzen diren aktibitate guztietako ordezkariak lagun.

Tres Arroyos, Argentina. Abuztuaren 28an izan da aurten Tres Arroyos hiriko Gizataldeen Azoka. Ekitaldia ‘El Fanal’ izeneko erakusketa gunean izan zen eta Atzerriko Kolektibitateen batzordekoen esanetan, “espektatiba guztiak gainditu ziren. Mila eta bostehundik gora pertsonek bisitatu zuten Azoka eta standak muntatu zituzten hamar gizataldeetako eskaintzaz gozatu ahal izan zuten. Azken urteetako onena, dudarik gabe”, adierazi dute antolatzaileek.

Euskal kolektibitateari dagokionez, Hiru Errekako kideen eskutik Euskal Herriko hainbat kultur adierazpen ikusi eta dastatu ahal izan zituzten Euskal Etxearen standera bertaratu zirenek. Instituzioko irakasle den Alfredo Labordek euskarari eta euskal abizenei buruzko informazioa eman zien interesatuei. Dantzariek hainbat dantza taularatu zituzten eta Sara Urbieta dantzari eta musikariak trikitixa jo zuen. Euskal oroigarriak jarri zituzten salgai; eta dudarik gabe, gehien luzitu zirenak sukaldariak izan ziren: txistorra, patata tortila, euskal odolkia eta pintxoak prestatu baitzituzten.

“Oso jai polita izan zen eta zinez, behar dugu esan, gure standa nabarmendu egin zela besteen artean eskaintza anitzagatik. Goizeko 11etatik iluntzeko 8etara egon ginen bertan, jendea jasotzen eta hamaika galdera erantzuten. Eta janaria saltzen, noski; zorionez, prestatutako guztia saldu genuen”, jakinarazi dio Labordek, euskara txukunean, EuskalKultura.com-i.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia