euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka EEak 'Haizearen Jaia' delakoaz ospatu zuen Immigrantearen Eguna, Euskal Plaza izango den orubean

2007/09/01

Euskal Plaza bilakatuko den eremuak barrilete edo kometa erakustaldi bat bildu zuen joan den igandean, familia giroan, Hiru Errekak  eraturik
Euskal Plaza bilakatuko den eremuak barrilete edo kometa erakustaldi bat bildu zuen joan den igandean, familia giroan, Hiru Errekak eraturik

PUBLIZITATEA

Berez den egunaren baino egun batzuk lehenago, eta bertako 14 eta 15 zenbakidun Eskolak euren mendeurrenean eta aldi berean immigranteak omenduz, Tres Arroyos hiri argentinarreko Hiru Erreka Euskal Etxeak bere aurreneko ekitaldia egin zuen joan den asteburuan Udalak 5705/07 ordenantza medio Euskal Plaza eraikitzeko euskal elkartearen eskuetan utzi duen orubean. 'Haizearen Jaiak' (sic) hiriko eskola ofizial eta ez ofizialetako 1etik 6. maila arterainoko ikasleak deitu zituen, euskal gizataldeko kideekin familia giroan ekitaldian parte har zezaten.
Iazkoan, Hiru Errekak 'Gutuna nire aiton immigranteari' izeneko literatur lehiaketa antolatu zuen Immigrantearen Eguna ospatzeko, arrakasta handiz gainera. Horren karietara, eta data berezi honi behar bezalako oihartzuna emateko, Tres Arroyoseko Euskal Etxeak ekimen berria ekarri du aurtengoan, famili taldeak buruan izanik. Honela sortu zen 'Haizearen Jaia' (sic) egiteko ideia: alegia, kometa edo haizeak-eramangarri horien leihaketa bat egiteko asmoa --barrilete esaten zaie argentinoz-- bertako eskoletako ikasleek euren familiekin parte hartzeko moduko ekimena.

Jaia joan den igandean, abuztuaren 26an egin zen, eta Argentinako banderaren koloreak eta ikurriñarenak zeramaten barrilete bana aireratzearekin hasi zen, arratsaldeko hiruretan. Ondoren hamabost minutuko tartea eman zitzaien parte hartzaileei euren burua antolatu eta materiala presta zezaten. Segidan lehiaketaren abiatzea iragarri zen eta bakoitzak ordu erdiko epea izan zuen kometa goititu eta zeruan egokiro finkatzeko.

27 kometa haizeen menpe

Parte hartu zuten kometa hauetako batzuk Euskal Etxean egonak ziren erakusgai asteazken 22tik ostiral 24ra arte eta bertan aztertu zituzten epaimahaikideek, erabakitzeko sormen aldetik, forma, kolore eta esangura aldetik ekarpen ederrena egindakoa. Lehiaketako lehenengo urrats honen ondotik, zeruratze fasea zen hurrengo, eta hor igandean bertan izena eman zuten beste kometa batzuk bildu zitzaizkien, lehiaketaren bigarren fasean bederen gailendu nahian, erronka izanik nor airean denborarik gehien eta egokien mantendu.

Bigarren zati honetara 27 barrilete aurkeztu ziren. Hamabost bat kilometro orduko ufa ekarri zuen haizeak bertaratutako ikusle guztien gainetik goititzeko aukera eman ziren tresna hegalari partaideei. Jendea ere nonbre handian bildu zen. Ohiko bi lehenengo sariez gain, Euskal Etxeak hirugarren bat ematea erabaki zuen --parte hartutako guztien arteko zozketa bidez hautatua-- eta baita laugarren bat ere, kontsolamendukoa, lehiaketa bukatzeko tenorea iritsitakoan oraindik airean zeuden kometetako bati emana.

Sariak

Euskaldunen ondorengo diren Tres Arroyoseko familia batzuek oparitu zituzten sariok. Gaur larunbata banatuko dira Hiru Errekaren egoitzan. Honakoak surtatu ziren lehiaketaren zati eta kategoria desberdinetan irabazke:

-FLORENCIA SÁNCHEZ, 15 zenbakidun Eskolakoa, 6. zenbakia zeraman 'Miyato' kometarekin. Sormen lanik onenaren saria eskuratu zuen (200 peso)

-CARLOS DANIEL RAMÍREZ, 48 zenbakidun Eskolakoa, 11. zenbakia zeraman 'Pequeco' kometarekin, airean denborarik gehien egon zenari emandako saria lortu zuen (150 peso)

-CARLOS DANIEL RAMÍREZ berak, 48 zenbakidun Eskolakoa, 14. zenbakia zeraman 'Carly' kometarekin lortu zuen parta hartzaile guztien arteko zozketan banatutako saria (100 peso)

-EZEQUIEL D'ANNUNZIO, 54 zenbakidun Eskolakoak laugarren saria eskuratu zuen, 5. zenbakia zeraman 'Skied' kometarekin, lehiaketaren denbora bukatutakoan oraindik airean irmo mantentzen ziren kometei emanikoa

Esan beharra dago Euskal Etxeak Udalaren Kultura Zuzendaritzaren lankidetza izan zuela hau guztia antolatzeko, eta hauxe medio izan zela posible Udal Banda bertan aritzea, oso txalotua izan zen musika partaidetzarekin. Ekimen hau Euskal Etxeak Udalak bertan Euskal Plaza eraikitzeko engaiamenduarekin eman berria dion esparruan egin duen lehenengo ekitaldia izan da. Euskal Etxetik Euskalkultura.com-i adierazi zaionez, Euskal Plaza 'Udalak Paseo del Arroyo izenpean aurreratu nahi duen egitasmo interesgarri baten parte da, itxuraz denbora gutxi barru abiarazi nahi dutena'.


Lotura interesgarriak

Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxea
www.hiruerreka.com.ar

Jantziak estreinatu dituzte Tres Arroyoseko dantzariek
2007ko abuztuaren 25ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Hiru Errekakoek euskara eskolak ematen dituzte Claromecon
2007ko abuztuaren 17an EuskalKultura.com-en argitara emana

Zenbakaitz euskal irratsaioak emisio eguna aldatu du
2007ko maiatzaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana

Hiru Errekak 'Euskal Txokoa' delakoa abiarazi du
2007ko maiatzaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Hiru Erreka Jose Luis Artuch hautatu du berriro ere lehendakari
2007ko maiatzaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Hiru Errekak 'Patrimonio Tresarroyense' sariak eman ditu
2007ko maiatzaren 10ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia