euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka atzera arnasberrituta, Tres Arroyosen aste honetan egingo den 54. Gariaren Jai Probintzialean partaide

2023/03/07

Milagros Etcheto, Maia Jaureguibehere, Victoria Cernuda, Brenda Etcheto, Pilar Urbieta, Giana Mena Izurieta eta Ludmila Etcheto, Gariaren Jai Probintziala 2023an aurkeztuko diren Hiru Errekaren dantzariak
Milagros Etcheto, Maia Jaureguibehere, Victoria Cernuda, Brenda Etcheto, Pilar Urbieta, Giana Mena Izurieta eta Ludmila Etcheto, Gariaren Jai Probintziala 2023an aurkeztuko diren Hiru Errekaren dantzariak

PUBLIZITATEA

Tres Arroyos, Argentina. Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxea berriro izango da datozen egunetan partaide herrian aurten 54.ez egingo den Gariaren Jai Probintzialean. Udalak luzatu dio Hiru Errekari industria, merkataritza, gastronomia eta arte erakustaldi jendetsu honetan parte hartzeko gonbitea, euskal komunitatea ordezka dezan. Bertako urteko ekitaldirik garrantzitsuena den hau martxoaren 8tik 12ra egingo da La Estación Kultur Etxean.

Festa herrikoia hasteko ordu batzuk baino ez dira falta eta Euskal Etxeko kideak azken ikutuekin dabiltza euren partaidetza distiratsua izan dadin. Euskal standak lau gauetan zehar eskainiko ditu bere espezialitate klasikoak. Sukaldari taldean Mercedes Abrego, Pilar Urbieta eta Maia Jaureguibeherek hartuko dute tortillen ardura; Myrian Hojbjerg Izurietak, pintxoak egiteaz gain, Horacio Jaureguibehere-rekin txistorrak prestatzearena; eta Celeste Jaureguibehere eta Itati Hojbjerg euskal pastelez arduratuko dira.

Dantza, euskara eta musa, jendea erakartzen duten jarduerak

Dantza taldea —Sara Urbieta, Pilar Urbieta eta Maia Jaureguibeherek osatutako hirukoteak zuzendua— Los Nocheros edota La Delio Valdez bezalako musika talde ospetsuak arituko diren agertoki berean aurkeztuko da. Edizio honetan, gainera, ikurrinak eta bestelako euskal ikur adierazgarrienak erakutsiko dituen stand bat aurkeztuko du Euskal Etxeak, Euskal Herriko geografia eta kulturaren hainbat alderdiri buruzko informazioa eskainiz.

“Zorionez, pandemiaren ondoren, Euskal Etxea berpiztu egin da. Jende berria etorri zaigu bai Silvio Alfredo Labordek ematen dituen euskara eskoletara, bai euskal dantzara, eta baita mus klaseetara ere, azken hau ere asko hazi baita Horacio Jauregibehereren eskutik” azaldu dio EuskalKultura.eus-i Hiru Errekako egungo lehendakari Myrian Hojbjerg Izurietak, zendu berria den Francisco “Pancho” Urbieta lehendakari ohiaren alargunak.

Zorte on, Hiru Errekako lagunok!

Hiru Erreka sareetan:
FB: hiruerreka.tresarroyos
IG: centro_vasco_hiruerreka



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia