Comodoro Rivadavia, Argentina. Comodoro Rivadavia hiriak, Patagonia argentinarrean, ekitaldi berezi bat egin zuen joan den larunbatean, otsailaren 29an, Magallanes-Elkanoren Lehenengo Mundubiraren V. Urteurrena gogoratzeko. Ekintzak hiriko portuan egin zituzten, Ozeano Atlantikoari begira, eta elkarte ugarik hartu zuten parte, publiko eta pribatuek, tartean hiriko Euskal Etxeak.
Euskal gizataldeko lagunek partaidetza bikoitza izan zuten, gainera. Goizean Euskal Etxeko banderadunek Argentinako bandera eta ikurrina eraman zituzten zeremonia ofizialean.
Arratsaldean, berriz, euskal elkarteko “Haize Dantzariak” taldeko neskek euren dantzak eskaini zituzten Burdinportu Museoaren aurrean eraikitako agertokian. Eta han bertan bere errepertorioa kantatu zuen Lagun Artean euskal abesbatzak. Ikus argazki gehiago, hemen.