Viedma, Argentina. Viedma eta Patagones hirietako Aberri Etxeak komunitateari begirako euskal mitologiari buruzko erakusketa bat antolatu zuen Negro Ibaiaren ertzean. Bertan Joxe Miel de Barandiaran antropologoak ikertutako pertsonaia ezagunenak aurkeztu zituzten Euskal Etxeko lagunek: Lamia (Rocio Colipan), Maddi Jainkosa (Alondra Langer), Sorgina (Marta Ullua), Iratxo (Virginia Argañaraz), Gizotso (Fabricio Passarelli), Basajaun (Pablo Calabrese), Tartalo (Ruben Suarez), Jentila (Lautaro Castro), Akerbeltz (Diego Ulloa) eta baita Joxe Miel de Barandiaran ere, Raul Obietak antzeztutakoa .
Euskal Etxetik jakinarazi digunez, erakusketa disziplinarteko lana izan zen eta ‘aktore’ bakoitzak asko ikasi zuen bere pertsonaia antzezteko: “Bi hilabete pasa genituen mitologia ikertzen; bilerak ere egin genituen ideiak trukatzeko… ordu askotako lana izan zen”.
“Euskara ikasleek, batez ere txikiek, bat egin zuten proposamenarekin eta azken hilabetean euskal mitologia izan zen klaseetako gaia. Erakustaldian ipuin bat kontatu genien, ‘Kamishibai’ izeneko ipuin-kutxa japoniarra erabiliz”, azaldu digu Analia Zuntini Euskal Etxeko erreferenteak.
Erakusketa oso arrakastatsua izan zen, jende ugari bertaratu zen kostaldeko pasealekura eta euskal mitologiaz ez ezik euskal musikaz, dantzaz, ipuinez eta ‘agerraldi misteriotsuez’ ere gozatu ahal izan ziren. “Benetako auzolana izan zen eta horregatik esker beroak eman nahi dizkiegu lagundu zigutenei, tartean Lagun Onak taldeko gazteei, Batzordeko kideei eta Ruth Valiente, Sandro Linares, Ana Zacconi, Silvina Ulloa eta Luis Lima gure lagunei”, adierazi digu Zuntinik.