euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiriko alkateak Arantzazu Parrokian egindako zaharberritze lanak inauguratu ditu, San Fernandon, Argentinan

2017/10/09

San Fernandoko Nuestra Señora de Aranzazu Parrokia
San Fernandoko Nuestra Señora de Aranzazu Parrokia

PUBLIZITATEA

Inaugurazio elizkizunak San Isidroko Elizbarrutiko Ojea apezpikuaren eta Jorge Luis Lagazio Uso apaizaren esku egon ziren eta erlijio ekitaldia bukatu ostean plaka oroigarri bat desestali zuen Luis Andreotti Retegui hiriko alkateak. Inaugurazioaren baitan Patricia Sosa abeslariak Ariel Ramirezen ‘Misa Criolla’ interpretatu zuen. Ama Birjinaren euskal adbokazioari eskainitako eraikina Udaleko eta Probintziako Mpnumentu Historiko izendatua da 1988az geroztik.

San Fernando, Argentina. Duela lau urte Buenos Aires probintziako San Fernandoko Arantzazuko Ama (Nuestra Señora de Aranzazu) Parrokian hasitako zaharberritze lanak berriki bukatu ditu bertako Udalak eta irailaren 22an inauguratu zituen meza eta musika ikuskizuna batu zituen zeremonia batean.

San Isidroko Elizbarrutiko Ojea apezpikuak eta Jorge Luis Lagazio Uso apaizak eman zuten inaugurazio meza; eta honen ostean eraikina bedeinkatu zuten.

Elizkizuna amaituta, zerrendak moztu eta plaka oroigarri bat desestali zuen hiriko alkatea den euskal jatorriko Luis Andreotti Retegui-k. Zeremoniari amaiera emateko, musika tarte berezia antolatu zuen parrokiak bildutako jendetzak disfruta zezan eta Patricia Sosa abeslariak Ariel Ramirezen ‘Misa Criolla’ eskaini zuen bertaratutakoen gozagarri.

San Fernandoko Nuestra Señora de Aranzazu Parrokiaren harri fundazionala 1806 urtean jarri zen eta tenplua 1870an hasi zela altxatzen.

Zaharberritze lanei esker gaur egun XX. mendearen hasieran zeukan itxura berreskuratu du.

Obrak Pablo Terzaghi arkitektoaren ardurapean egin dira, San Fernandoko Udaleko funtsekin, eta Parrokiaren komunitateak bere gain hartzen duela elizaren kudeaketa.

Nuestra Señora de Aranzazu Parrokia Probintzia eta Udaleko Monumentu Historiko izan zen izendatua 1988. urtean.

Aranzazu Parrokiari buruzko informazio gehiago Facebookeko bere kontuan, Parroquia Nuestra Sra. de Aránzazu-n.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia