euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiriburuaren bihotzean EHaren taupadak entzun ahal izan ziren 'Buenos Airesek ospatzen du' jaian (I)

2011/09/05

'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdia (argazkia EuskalKultura.com)
'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Sarritan entzuten dugu euskal jatorrizko jende asko dagoela Argentinan; edota euskal diaspora garrantzitsua dela euskal kulturaren zabalkuntza bermatzeko. Kopuru, zenbaki eta teorizazioak ondo daude, baina ikustea eta sentitzea askoz hobea da eta joan den abuztuaren 28an hainbatetan entzundakoa aurrez aurre ikusteko paregabeko aukera izan dugu buenosairesetarrok. 'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdiak Argentinako herri askotako euskaldunak bildu zituen argentinarrei, hiriburuko bizilagunei, Euskal Herria zer den kontatu eta erakusteko. Euskaldun argentinarrek bere onena eman eta jaso zuten egun osoko ekitaldian.

Buenos Aires, Argentina. Argentinako hainbat euskal etxe eta erakundek hartu dute parte Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak antolatutako, Buenos Aires celebra (Buenos Airesek ospatzen du) jaialdian. Hiriburuko Udalaren deitzaile eta babesle, Mayo Etorbidean gauzatu zen erakustaldia abuztuaren 28an, eguerdiko 12tik iluntzeko 6ak arte. Arratsaldean zehar milaka bisitari mugitu ziren stand, txosna eta agertokien artean, bertaratutako Euskal Herriko kultur adierazpen guztiez gozatuz. EuskalKultura.com ere egon zen, presente eta partaide, euskaldunen jai honetan eta, ohi bezala, gure irakurleekin partekatu nahi dugu ekitaldia ondoko argazki-erreportajearen bidez. Hona hemen egunaren laburpenaren I. zatia:

Buenos Airesek ospatzen du 2011 01

[Euskal Echea Institutuetako ikasleek eta euskal etxeetako gazteek hartu zuten 'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdiari hasiera emateko ardura. Kabalkadan hurbildu ziren dantzariak agertoki nagusira. Han Hiriko musika bandak Argentinako Ereserkia jo zuen. Kabalkadaren aurrean, Euskal Echea Institutuetako banderadun eta agintariak (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 02

[Euskal jai guztietan ohi bezala, honetan ere dantzek izan zuten beren leku berezia. Jaialdia hasi bezain laster, euskal dantzak ikusgai aurkeztu ziren Casa Rosadaren aurrean kokatuta zegoen agertokian (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 03

[Euskal etxe ugarik hartu zuten parte dantza erakustaldian, tartean, Buenos Airesko Eusko Ekintza eta Emakume Abertzale Batzak, Cañuelasko Denak Bat-ek, Buenos Airesko Eusketxe-k, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-ek, La Platako Euzko Etxea-k, Jose C. Pazko Toki Eder-ek, Chascomusko Zingirako Euskaldunak-ek, Lomas de Zamorako Denak Bat-ek eta Euskal Echea Institutuek. Irudian Ekin Dantzari Taldea (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 04

[Bigarren agertokia, Mayo etorbidearen eta Chacabuco kaleen gurutzean zegoena, txikia geratu zitzaien euskal dantzariei; baina berehala konpondu zuten eta oholtzatik jaitsi eta kalea hartu zuten euren dantzak egiteko. Irudian, Buenos Aireseko Acción Vasco-ko dantzariak (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 05

[Lehenengo stand-a erakundeetakoa zen. Hor bildu ziren Argentinako euskal erakundeetako agintariak. Irudian, FEVAko idazkaria den Marta Abarrategui stand atzetik irriño batez atenditzen(argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 06

[Lehenengo stand-ean ere Elvira Kortajarena Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiren Ordezkaria, San Juango euskal etxeko kideekin (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 07

[“Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena…?” esaten du abestiak. Eta ideia hori bisitari guztiekin konpartitzeko, euskara standean euskal hitz eta esaldi batzuk ikasi ahal izan zituzten bertara hurbildu ziren buenosairestar ugariek (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 08

[Buenos Airesen euskara irakasten duten erakundeetako ordezkariak izan ziren hizkuntza standeko arduradunak (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 011

[Proposamen guztien artean, euskal sukaldaritzarena ere oso arrakastatsua suertatu zen. Pintxoak eta paella izan ziren faboritoak. Irudian Euskaltzaleak-eko txosna (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 09

[Laurak Bat euskal etxeko jatetxeak Mayo etorbidean ere plater onenak eskaini zizkien bertaratutakoei (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 010

[Deigarria bezain gozoa izan zen San Nicolas-eko Euskal Etxeko kideek prestatutako paella (argazkia EuskalKultura.com)]

Buenos Airesek ospatzen du 2011 012

[Euskal sukaldaritza ederki ezagutzen duten chef adituek klase bat eman zioten publikoari. Itziar Agirrek, Choly Berreteagak eta Arantxa Soralucek euren sekretuetako batzuk partekatu zituzten bigarren agertokira hurbildu zirenekin (argazkia EuskalKultura.com)]

 [Donostiako soinuak ere entzun ziren Buenos Aireseko kaleetan, borondate onenaz jotako danborrada medio (bideoa EuskalKultura.com)]



Komentarioak

  • .

    Primeran pasatu genuen, benetako festa izan zen!

    Emilia, 2011/09/06 02:53

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia