euskal diaspora eta kultura
2010/05/04
PUBLIZITATEA
Tres Arroyos, Argentina. Hiriaren 126. urteurrena ospatzeko ekitaldien artean, Hiru Erreka Euskal Etxeak Patrimonio Cultural Tresarroyense (Kultur Ondare Tresarroyostarra) izeneko sarien banaketa egin zuen, azken sei urteetako tradizioari jarraituz. Edizio honetan lau pertsona izan dira aukeratuak, eta saria batzeko arrazoiak, beren ardura, ahalegin pertsonala eta komunitatearen alde elkartasunez aritzeko agertu duten joera eta jokabidea:
Elisa Di Nezio de Villafranca izan da 2010eko sarituetako bat. 1915ean jaiotako emakume honek zelaian igaro zuen bere haurtzaroa. Lehen mailako ikasketak 5 zenbakidun Eskolan egin zituen; bigarrenekoak, berriz, hirugarren urratsera arte, Eskola Nazional-ean. 1951ean, Elisak Carabela izeneko liburu-denda sortu zuen, hiriko 9 de Julio kalean, eta hor egin zuen lan, 'etxekoandre lanak' utzi gabe. Domingo Villafranca senarraren laguntza bazuen Elisak, eta denboraren poderioz, bere alabak ere hasi ziren dendaz arduratzen. Orain hirugarren belaunaldia sartua da sendiaren dendan eta haren ideia gazte eta berritzaileak giro berria ematen ari zaizkio lekuari. Elisa alarguna da gaur egun, baina bi alaba, bi biloba eta berbiloba bat ditu. Arratsaldero joaten da liburudendara eta poz-pozik begiratzen die aurrerapenei. 'Laurogeita hamabost urte ditut eta eskerrak ematen dizkiot egunero Jaungoikoari eman didanagatik', azaltzen du Elisa andreak. 'Kendu ere egin zidan, alaba bat, baina itxaropen handiko emakumea naiz eta sineste sendoa daukat Jainkoagan', dio.
[Elisa Di Nezioren kasuan ere bere senideko batek eman zion saria: bere bilobak (argazkia EE)]
Hiru Errekako Batzordeak Blanca Maite Ayastuy ere aukeratu zuen aurten saria emateko. Blanca Cascallaresko El Porvenir zelaian jaio zen eta hor bertan hasi zen eskolara joaten. Hala ere, lehen eta bigarren mailako ikasketak Tres Arroyos hirian bukatu zituen eta Benito Juarezen magisteritza ikasi zuen. Hogeita lau urterekin Hector Mirallesekin ezkondu eta alaba bat eta biloba izan ditu. Blanca Euskal Etxearen babeslea da eta garrantzi handiko nekazaritza-ekoizlea.
Gizonezkorik ere bazegoen sarituen zerrendan: Manuel Alonso Bilbao, Buenos Aires probintziako Copetonas herrian jaio zen, duela 81 urte. Gaztetxo zenean, herrian bizi izan zen guraso eta zazpi anai-arrebekin. 1942an gurasoek beren denda itxi behar izan zuten eta oso gaztetan oraindik, zelaira lan egitera joan zen Irene herriaren aldera. Berrogeita hamar urte aritu zen lan honetan eta 1991ean, erretiroa hartu zuenean, Tres Arroyosen kokatu zen. Bilbao Euskal Etxearen sortzaileetakoa da eta erakundearen laguntzaile fina. Horretaz gain, eskarmentu handia du nekazaritza eta abeltzaintza arloan.
[Leonardo Legarreta gazteari bere amak eskuratu zion diploma (argazkia EE)]
Azken Kultur Ondare Tresarroyostarra Leonardo Legarreta gaztearentzat izan zen. Leonardo, aspalditik Argentinan bizi den familia euskaldun bateko kide da. COADIS gaitasun berezikoen eskolan dago eta parte hartzaile estimatua da Euskal Etxean. COADIS eskolan ekoizten diren materialak kalean saltzen ditu Leonardok, umore onez eta umiltasunez. Lagunek eta herriko jendeak asko maite dute eta gaur galduta dauden baloreen eredutzat hartzen dute. Hogeita zortzi urterekin sarituen arteko gazteena da.
[Sariak banatu ondoren, euskal etxeko dantza taldeak pieza batzuk egin zituen (argazkia EE)]
'Jende anitz hurbildu zen euskal etxera. Gure neskek dantza egin zuten eta omenaldia bukatuta, kafea eta goxokiak eskaini genizkien sariak jaso zituztenei, baita beren senide eta lagunei ere', azaldu dio José Luis Artuch-ek, euskal etxeko lehendakariak, EuskalKultura.com-i. 'Dena den, gehien harritu ninduena Leonardo Legarretaren erantzuna izan zen. Berak hitz batzuk zuzendu zizkion jendeari eta bihotzez eskertu zuen saria eman izana. Leonardo ahalmen bereziko mutila da eta oso pertsona zintzoa. Momentua hunkigarria izan zen, benetan', kontatzen digu Artuch-ek.
Bukatzeko, Euskal Etxeko kideek jakinarazten dute bildutako dirua Virgen de la Carreta, Hiru Errekak babesten duen eskolaren mesedetan joango dela.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus