Gral. Rodriguez, Argentina. Doaitza jasotzeko eta Euskal Etxeari eskerrak emateko zeremonia berezi bat antolatu zuen Udalak joan den maiatzaren 12an, Gral. Rodriguez hiriaren 152. urteurren ekintzen programa barruan.
Ekitaldia Sarmiento Plazan hasi eta Bernardo de Irigoyen Museoan jarraitu zuen. Bertan plaka oroigarriak desestali ziren eta hiriko alkate Dario Kubar-ek hitz batzuk zuzendu zizkien bildutako lagunei. Eusko Aterpea Euskal Etxeko Raul Taretto lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “hiriaren 152. urtemugarekin batera, Bernardo de Irigoyen Museoaren 15. urtebetetzea ere ospatzen genuen; egizari zor, guretzat ohore bat da jakitea Bernardo de Irigoyen hiriaren aitzindarietako bat izan zela. Are gehiago, Buenos Aires hiriko euskal jatorriko emakume batekin, Carmen Olascoagarekin ezkondu zela, hona bizitzera etortzeko 1854an ezkondu zirenetik”.
Liburu historikoak
Zeremoniaren baitan Eusko Aterpea Euskal Etxeko ‘Nikomedes Iguain Azurza’ liburutegian zeuden liburu batzuk eskuratu zizkion Taretto lehendakariak Kubar alkateari. Liburuak XIX. mendekoak dira –lehenengoa 1881. urtekoa– eta hiriaren sorrera eta kudeaketari buruzko datu garrantzitsuak dituzte. Izan ere, Udaleko lehenengo Akta-liburua, Udaleko kontabilitate liburuak eta garai hartan jasotako gutunak daude bilduta.
Tarettok EuskalKultura.com-i jakinarazi dion legez, “materiala duela zortzi urte jaso genuen ‘Nikomedes Iguain Azurza’ gure Liburutegian dohaintza anonimo baten bitartez. Liburutegiko arduraduna den Francisca 'Kika' Vicentek lan handia egin du materiala ondo zaintzeko baina momentu batean erabaki genuen liburu horiek hiritarrenak zirela eta hirira bueltatu behar zutela. Honela erabaki genuen opari hau”.
Argentinako bandera eta ikurrina lekuko, eta hiriko agintari ugari lagun, Raul Tarettok eskuratu zizkion liburuak Kubar alkateari. Kubar alkateak ere opari bat egin zion euskal etxeari: Argentinako, probintziako eta hiriko banderak.
Aberri Eguna
Bestalde, aurten, apirilaren 24an ospatu dute rodrigueztarrek Aberri Eguna, 160 pertsonarentzako erreki batekin. Eskualdeko lagun ugari bertaratu ziren Eusko Aterpea Euskal Etxera jaian parte hartzeko, tartean, Suipacha, Pilar, Jose C. Paz, Gral. Las Heras, Moreno, Merlo, Buenos Aires eta Lujan hirietakoak. Agintarien artean azpimarratzekoa da Dario Kubar alkatea ere izan zela ospakizunean. Gonbidatuen presentzia eskertzeko, hitz batzuk zuzendu zizkion Tarettok publikoari (ikusi bideoa, hemen)