euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiriaren 150. urteurrenaren baitan, euskal etxearen sorreraren 50. urtemuga ere ospatu dute Gral. Las Heras-eko euskaldunek

2014/11/05

Gral. Las Herasko euskal gizataldeak hiriko urteurren desfilean auto klasikoetan hartu zuen parte
Gral. Las Herasko euskal gizataldeak hiriko urteurren desfilean auto klasikoetan hartu zuen parte

PUBLIZITATEA

Ospakizuna bikoitza izan da eta kalean zein Taberna Baska delako herriko euskal tabernan bizi izan zen. Hiriko desfilean auto klasikoetan hartu zuten parte Zazpirak Bat euskal etxeko lagunek. Eta desfilea bukatutakoan, txistorra eta txorizoa sagardo erara eskaini zituzten tabernan. Urtea amaitu aurretik beste jai handi bat izango du euskal gizataldeak: abenduaren hasieran “Urte amaierako Euskal Astea” egingo dute, herri kirolak barne. 

Gral. Las Heras, Argentina. Partaidetza handia izan du Gral. Las Herasko euskal etxeak hiriaren 150. urteurrenean. Eta arrazoi ona izan du euskal jatorriko jendeak festa honetan inplikatzeko. Izan ere, hiriaren mendeurreneko ospakizunean, hau da, 1964. urtean jarri ziren gaur egungo Zazpirak Bat erakundearen oinarriak eta hori dela eta Las Heras-en urtebetetzea gogoratzeaz gain, euskal etxea sortzeko lehenengo ahaleginak ere ospatu ziren joan den urriaren 25ean.

Jaia herriko eta probintziako agintariak bildu zituen protokolozko ekintza batekin hasi eta instituzioen desfile batekin jarraitu zuen. Kabalkada Lozano kalean egin zen, lau bat kale betetzen. Euskal gizataldeari dagokionez, ‘Horacio Anasagasti’ izeneko elkarteko auto zaharretan desfilatu zuen. Gogora dezagun euskal jatorriko Horacio Anasagasti ingeniari argentinarrak herrialde honetan seriean fabrikatu zen lehenengo automobila sortu zuela.

Herriko festa musika ikuskizunekin bukatu zen plaza nagusian. Gauean zehar, Euskal Tabernan txistorra eta txorizoa sagardo erara dastatu ahal izan zituen publikoak.

Auto klasikoak

“Duela gutxi sortutako Auto Klasikoen taldea beste lorpen bat izan da euskal etxearentzat”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Gral. Las Herasko euskal elkartetik. “Lehenengo ekintza 2013ko Udaberriko Desfilea izan zen eta aurten errepikatu da. Orain eta nahiz eta oraindik data zehatza ez izan, beste ekitaldi bat ari dira prestatzen. ‘La Vuelta del Tambero’ izenarekin, auto klasikoen lasterketa bat egingo da Cañuelasetik Gral. Las Heras-era, Lobosetik pasatuz. Asmoa da euskal esnesaltzaileek egiten zuten ibilbidea egitea”.

Herri Kirolak

2014. urteari bukaera emateko, eta azken urte hauetako ohiturari jarraituz, ‘Urte amaierako Jaia’ egingo dute Zazpirak Bat-ekoek. Asteko ekintza nagusiak Herri Kirol lehiaketak izango dira baina kultur proposamenak ere sartuko dira programan. Jaialdia astebete luzatuko da eta abenduaren 7an bukatuko da herri bazkari batekin. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia