euskal diaspora eta kultura
2013/10/15
PUBLIZITATEA
Coronel Pringles, Argentina. Euskararen Eguna ospatu eta Buenos Aires hiritik bostehun bat kilometro hego-mendebaldera dagoen hiri honetan euskaldunekiko eta euskal presentziarekiko lotura duten leku, ekintza eta arrastoak erakusteko helburuarekin, Argazki Lehiaketa bat antolatu dute Cnel. Pringleseko euskal etxeko kideek. Txapelketan bi kategoria bereiztuko dira: Argazki Zaharrak –1970ra arte, urtea gora-behera– eta Argazki Berriak. Bi kasuetan, argazkiak Coronel Pringles Partiduan edota eskualdean egindakoak behar dute izan.
Lehiaketaren oinarriak
Argazkiek hirian topa daitekeen euskal presentzia eta ondarea islatu behar dituzte. Euskal eragin, zantzu eta kutsu hori dendetako kartel eta izenetan, etxeen kanpoaldean edo zelaiko oholesietan bilatu ahal izango da, esaterako. Edo ekintzetakoa ere izan daiteke, hala nola euskal etxearen ekintzetan, dantza taldearenean edota abesbatzaren emanaldietan ere, adibidez.
Partaideek zuri-beltzez, kolorez edo zernahi kolorez aurkeztu ahal izango dituzte euren lanak, lau gehienez. Tamaina librea da baina irudia ondo ikusi behar da, bereizmen onean, alegia. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 15ean bukatuko da eta eskutik eskura eraman behar dira euskal etxearen egoitzara (Mitre 250) azaroaren 12etik aurrera, goizeko 9etatik 11etara. Lanak gutunazal itxi batean aurkeztuko dira, kanpotik ezizen identifikagarria, kategoria eta obraren izena idatzirik dituela; gutunazalaren barruan, berriz, partaidearen izen-abizenak, ezizena, obraren izenburua, helbidea eta telefono zenbakia adieraziko dira.
Bi kategoria bereiziko dira eta bakoitzean bi lan sarituko; lehenengoei euskal gaiko liburu bana eskuratuko zaizkie; bigarrenek, ostera, aipamena jasoko dute. Epaileak hiriko argazkilari bat, euskal etxeko kide bat eta Kultur Institutuko ordezkari bat izango dira. Irabazleen izenak abenduaren 3an plazaratuko dira, Euskararen Eguneko ospakizunean. Euskal etxetik jakinarazten dute bildutako argazkiekin ‘Euskal Presentzia Pringlesen’ izenburuko albuma osatuko dutela.
FEVAren hileroko bilera
Joan den irailaren 21ean, FEVAren zuzendaritzaren hileroko bilera Coronel Pringlesen euskal etxearen egoitzan egin zen, lehendabiziko aldiz. Federazioko zuzendaritzako kideak bildu ziren Eusko Biltzar-en, tartean, Santa Rosa, Rio Cuarto, Villa Maria, Buenos Aires, Cañuelas, Chascomus, Jose C. Paz, Tres Arroyos, Tandil, Laprida, Bahia Blanca eta Pigüé-ko euskal etxeetako ordezkariak.
[Bisitarien omenean, Ana Sassonik zuzentzen duen Eusko Alai abesbatzak bere errepertorioko pieza batzuk kantatu zituen euskal etxean egindako afarian. Horrez gain Matias Sala dantzariak Aurreskua eskaini zien euskal etxeetako agintariei (fotosEE)]
Bileraren ostean, Federazioko lehendakari Ricardo Basterrak Formakuntza Tailerra eskaini zien bildutako lagunei. Gauean, hiriko alkate Carlos Oreste eta Omar Abasolo Kultur Zuzendariarekin afaldu zuten euskal instituzioetako agintariek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus