euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hilik azaldu da Tijuana aldean duela bi astedanik Mexiko eta AEBetako mugan desagertua zen gazte beasaindarra

2008/07/25

Elhuyar Sarien emate-aldia duela bi urte. Eskuineko lehena da Igor Aristegi (argazkia Zientzia.net)
Elhuyar Sarien emate-aldia duela bi urte. Eskuineko lehena da Igor Aristegi (argazkia Zientzia.net)

PUBLIZITATEA

Iragarpen txarrenak bete dira eta hilik agertu da Tijuana aldeko hotel baten gelan, duela bi astedanik familia eta lagunak bila zeuzkan 28 urteko Igor Aristegi gazte beasaindarra. Bere ingurukoak batetik autoritateekin eta bestetik euskal komunitateko hainbat kiderekin harremanetan jarriak ziren, harekiko kontaktua San Diego (AEB) eta Tijuanako (Mexiko) Unibertsitateak bisitatu ostean galdu ondoren. Familia heldua da AEB eta Mexiko arteko mugako herria den Tijuanara, gorpuaren behin-betiko identifikazioa egiteko. Igor Aristegi Filosofian doktoregaia zen eta Cambridge-ko Unibertsitatean ari zen lanean tesia burutzen. Duela bi urte irabazi zuen Elhuyar Saria, zientzia arloko zabalkunde kategorian.

Donostia-San Sebastian. Berarekiko kontaktua galdua zen duela pare bat astedanik eta geroztik familia kezkatzen hasi eta harremanetan jarria zen autoritateekin zein azkenekoz bisitatu zituen Hego Kalifornia (AEB) eta Kalifornia Behe (Mexiko) muga-eskualdeko euskal komunitateekin norbaitek zerbait jakinez gero adieraz ziezaion. Orain jakin da, joan den uztailaren 15ean Behe Kaliforniako El Mexicano egunkariak argitara eman zuela "28-30 urte bitarteko espainiar hiritartasuneko gizon" baten gorpua azaldu zela bi egun lehenago Tijuanatik urrun ez den Rosarito herriko hotel batean, gelan bestalde botika lasaigarri batzuk ere topatu zirela. Familia atzo abiatu zen bertara, Mexikoko espainiar enbaxadak berri lazgarria herenegun eman ondoren.

Gazte beasaindarraren familia eta lagunek bi aste zeramatzaten Igor Aristegiren berririk gabe eta, autoritateekin harremanetan jartzeaz gain, Estatu Batuetako eta Mexiko-AEB muga-tarte horretako euskal komunitateko zenbait jenderekin harremandu eta jakin arazia zieten euren arrengura, eta desagertutakoak azkenekoz bisitatu zituen tokiak San Diego eta Tijuanako Unibertsitateak zirela esan.

Igor Aristegi pertsona ezaguna zen Beasainen. Filosofian EHUn lizentziatua, duela gutxidanik Camdridgen bizi zen, bertako unibertsitateko Thomas Mormann profesorearen zuzendaritzapean burutzen ari baitzen tesia. Euskal Herriko Unibertsitateko 'Miguel Sánchez-Mazas' katedrako partaide aktiboa zen eta bertako 'Theoria' aldizkaria zeraman. Filosofoa izanik, kezka handiko pertsona zen. Duela bi urte Elhuyar Sariaren gazteentzako sari berezia irabazi zuen, Maite haugu, zorion zabalkunde artikuluarekin.

Lotura interesgarriak

Gertakariari buruzko artikulua gaztelaniaz
Gaurkoan Diario de Noticias egunkarian argitara emana

'Maite Haugu, zorion', Igor Aristegiren artikulua
Elhuyar saria bereganatu zuen lan honekin



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia