euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hilabete osoa iraungo duen ekitaldi egitaraua antolatu du Mar del Platako Euskal Etxeak San Migel ospatzeko

2007/09/13

Txema Landak eman zuen mintzaldiarekin hasi zen joan den ostiralean hilabeteko ekitaldien egiteraua (argazkia MarDelPlataEE)
Txema Landak eman zuen mintzaldiarekin hasi zen joan den ostiralean hilabeteko ekitaldien egiteraua (argazkia MarDelPlataEE)

PUBLIZITATEA

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxea, San Migel Eguna dela eta antolatu dituen hilabeteko ospakizunetan murgilduta dabil egunotan. Hilaren 30ean ospatuko dute San Miguel eguneko jaia hiri argentinarrean, baina bitartean makina bat ekitaldi prestatu dituzte giroa berotzen joateko. Horien artean, era guztietako proposamenak: mintzaldiak, gimnasia eta pilota txapelketak, erakusketak, zinema eta Jose de Ariztimuño Liburutegiaren 50. urteurreneko ekitaldi berezia.
Denak Bat Euskal Etxeak egitarau oparoa prestatu du hil bukaeran ospatu ohi den San Migel Eguneko jaia dela eta. Ekitaldiak joan den astean hasi ziren eta bihar jarraituko dute, euskal etxeko gimnasia taldeak Probintziako Gimnasia Artistiko Txapelketan emango duen erakustaldiarekin. Euskaldunen parte-hartzea goizeko 10:00etan izango da, Quilmes klubean. Eguerdian 4. mailako pilota Txapelketa egingo dute euskal etxeko trinketean eta eguerdian genealogiari buruzko erakusketa bat inauguratuko dute euskal etxeko Jose de Ariztimuño liburutegian.

Hurrengo jarduera hilaren 20an izango da, osteguna, 'Bizkaia' dokumentalaren emanaldiarekin (20:00etan). Biharamunean, ostiralak 21, Artaburu Euskaltzale Elkarteak txikiekin ekitaldi berezia egingo du, Gipuzkoako Kilometroak-ekin bat eginez (18:30). Larunbatean, hilaren 22an, euskal etxeak Hipocampo 2007 saria jasoko du Mar del Platako Club de Leones Norte elkartearen eskutik Colon Udal Antzokian (17:00). Denak Bateko Beti Alai dantza taldeak hartuko du parte ekitaldian. Gauean erromeria eta 'euskal taska' egingo dute elkartearen egoitzan, euskal dantza, janari eta musikarekin.

Hilaren 26ean, asteazkenean, San Migel Pelota txapelketa jokatuko dute euskal etxeko kantxan eta hurrengo egunean 'Euskal Herria lau haizetara' dokumental saileko bideo baten emanaldia egingo dute. Ostiralean Aralarko San Migel Mus Txapelketa jokatuko dute. Azkenik, igandean, Aralarko Mikel Deunaren eguna ospatuko dute. Egunari hasiera emateko meza elizkizuna egingo da sainduaren ohorez, Beti Alaiko dantzarien parte-hartzearekin. Eguerdian, ospakizunei bukaera emanez, elkarteko kide eta lagunek bazkaria partekatuko dute Denak Bateko jatetxean.


Lotura interesgarriak

Denak Bat Euskal Etxea, Mar del Plata
www.denakbat.org.ar

Mar del Platako EEak bat egin zuen Gernikaren 70. urteurrenarekin
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 8an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia