euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hilabete eskas geratzen La Platan 'Eguzkipean' kanpamendua eta 'Sagardo Eguna' ospatzeko, Euzko Etxeko gazteen eskutik

2023/02/06

La Platako Euzko Etxeko gaztediak antolatutako “Eguzkipean” kanpamendua eta 2023ko Sagardo Eguna zabaltzeko irudi promozionalak
La Platako Euzko Etxeko gaztediak antolatutako “Eguzkipean” kanpamendua eta 2023ko Sagardo Eguna zabaltzeko irudi promozionalak

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Garaiz zaude planak egiteko. Martxoa iristeak udako opor sasoiaren amaiera markatu ohi du hego konoan eta euskal etxeen itzulera ohiko jardueretara. Honi loturik, La Platako Euzko Etxeak gogoz hasiko du urtealdia, eta komunitate osoari dei egingo dio martxoaren 4 eta 5eko asteburuan ospatuko duen "Eguzkipean" kanpaldiaren bigarren edizioan parte hartzera, City Bellen, hiritik 10 kilometrora duen aisialdirako espazioan. Topaketaren baitan, 2023ko Sagardo Eguna ere ospatuko dute, Txapela ekoizpen nazionaleko sagardoaren partaidetza bereziarekin.

Ekitaldiaren bigarren edizioa da, 2021eko azaroan estreinaldi arrakastatsua izan ondoren. Bai kanpalekua zein Sagardo Eguna Euzko Etxeko gazteek antolatu dituzte, eta zeramika, musa, euskara, dantza eta umeentzat bereziki pentsatutako tailerrak koordinatuko dituzte. Horrez gain, hainbat kirol (futbola, hockeya, boleibola) egiteko aukera egongo da eta baita xendazaletasuna eta hegazti behaketa ere, besteak beste. Larunbat arratsaldean euskal dantzen erakustaldia egingo dute.

Euskal produktuen saltokiak ezarriko

Janaria, noski, ez da faltako. Lomas de Zamorako Denak Batek dagoeneko baieztatu du aukera gastronomikoan parte hartuko duela eta beste euskal etxe batzuek euren plater tradizionalekin bat egitea espero da. Euskal produktuak eta edariak saltzeko postuak ere egongo dira. Eta larunbatean, Txapela sagardoa izango da protagonista. Lehenik txotxetik, 12:00etan hasi eta 14:00ak arte sagardoa kupeletik dastatu ahal izango da.  Ondoren, euren produktua botilatan jarriko dute salgai.

Bi proposamenak bertaratzen den publiko orori zuzenduko zaizkio. Aisialdirako guneak 80 lagunentzako Erabilera Anitzeko Aretoa du, baita gizon eta emakumeentzako komunak eta aldagelak ere, mugikortasun urriko pertsonentzat prest, futbol, hockey eta rugby zelaiak 11 hektaria libreko lursail batean (guztira 61 hektaria dira). Gainera, aurten lau pertsonentzako 3 dormi gehitu dituzte. Kanpamendura doazenek karpak eta lotarako poltsak eraman beharko dituzte.

Parte hartzeko gonbitea pertsonei eta euskal etxeei

Euskal etxe laplatatarrak ekitaldia diasporaren urteroko jardueren egutegian sartzearen aldeko apostua egin du, eta ateak zabaltzen dizkie euskal erakunderen baten izenean,euren produktu gastronomikoen salmentarekin parte hartu nahi duten duten guztiei. “Euskal Etxeetako gure lagun guztiak etortzea espero dugu, aire zabaleko kultur, kirol eta gastronomia topaketa desberdin batean parte hartzeko, gozatzeko, ondo pasatzeko eta ikasteko, topaketa honek euskal kolektiboari elkartzeko aukera bat gehiago, eta ederra, eskaintzen baitio”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i La Platako euskal dantza taldeko zuzendari eta Eguzkipeanen antolatzaileetakoa den  Andoni Azcaratek, asteburu gogoangarri honetan parte hartzera animatuz.

Informazio gehiago hona idatziz: campamentoeguzkipean@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia