Buenos Aires, Argentina. "Manuel Irujo Ollo. Un legado de paz, libertad, justicia y democracia (Manuel Irujo Ollo. Bake, askatasun, justizia eta demokraziako ondarea) liburua artikulu sorta bat da, Euskal Herrian zein Diasporan abertzaletasunaren erreferente diren jende batzuek proiektu honetarako propio idatzia", aurkeztu digu liburuaren editore Fernando Lizarbe 'Geroa Bai Argentina'ko koordinatzaile nagusiak. "Uxue Barkos eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren hitzak, eta Irujok berak idatzitako artikuluak ere biltzen ditu, baita berari egindako elkarrizketak ere".
Jeltzale rosariotarrak argitu duenez, “pentsatu genuen beharrezkoa zela Manuel Irujo Ollo bezalako buruzagi bati omenaldia egitea eta bere heriotzaren 40. urteurrena une egokia iruditu zaigu. Omenaldi honekin gogora ekarri nahi izan Irujoren engaiamendua demokraziarekin eta askatasunarekin. Bere balioek gaurkotasun berezia daukate bizi ditugun garaiotan, klase politikoaren krisia eta mugimendu antidemokratikoak gero eta gehiago zabaltzen ari direnean”.
“Komunikaziorako beste baliabide bat ere bada liburua, nafar diasporarekin ditugun loturak sendotu eta partaidetza animatzeko”, adierazi digu Geroa Baiko koordinatzaile argentinarrak. “Sare sozialetan egiten dugun lana osatu nahi izan dugu eta horregatik ez dugu baztertzen etorkizunari begira hau bezalako beste argitalpen batzuk egitea”.
Liburua eskuragai dago dagoeneko, doan, bertsio digitalean, link honetan. Otsail amaieran paperezko bertsioa ere prest izango dutela adierazi digu Lizarbek. Nolanahi ere bateko zein besteko aleak doan banatuko dira eta paperezkoa nahi duenak bidalketa baino ez du ordaindu beharko. Norberaren esku utziko da borondatezko ekarpenik emendatu nahi dion, komentatu du Fernando Lizarbek.
‘Geroa Bai Argentina’ sareetan:
Facebook-en, Geroa Bai Argentina
Twitter-en, Geroa Bai Argentina
Instagram-en, geroabaiargentina