euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hilosteko omenaldian Emakume Nabarmena izendatuko du La Plata Hiriak Mari Lazcano de Aramayo

2014/03/07

Mari Lazcano de Aramayo (argazkiaEE)
Mari Lazcano de Aramayo (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Lan isila baina ezinbestekoa egiten duten andreei omentzea helburu duen La Platako 'Emakume Nabarmena' saria Maria Josefa “Mari” Lazcano Aramayori emango diote aurten. “Hilosteko saria izango da baina duela gutxi Mariren jaiotzaren ehun urte bete direnez, oso egokia iruditu zaigu bere izena proposatzea”, azaldu diote Euzko Etxea Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i. Sari-emanaldia datorren astelehenean izango da, martxoaren 10ean, Emakumearen Nazioarteko Eguneko ekitaldien baitan.

La Plata, Argentina. Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar munduko  hainbat herrialdetan eta ekitaldiek bi helburu nagusi izango dituzte. Alde batetik, emakumeen eskubideak aldarrikatzea; bestetik, oharkabean geratzen diren andreen ekarpenak gailentzea.

La Plata-ren kasuan, bigarren puntu hori betetzen ditu urtero bertako Erakunde eta Gizatalde Atzerritarren Udal Zuzendaritzak, hiriko Emakume Nabarmenak izendatuz. Aurtengo edizioari dagokionez, eta Euzko Etxea-tik jakinarazi digutenez, Kolektibitateetako Emakume Nabarmenaren kategorian, erakundeko kide izan zen Mari Lazcano de Aramayo-ri egokituko zaio saria.

“Joan den urrian bete ziren ehun urte Mari jaio zenetik eta oso era egokia iruditu zaigu hau, bere lana gogora ekarri eta omentzeko. La Platako euskal kolektibitatean ez ezik, beste herri askotako komunitateetan ere izan zuen Marik eragin handia”, adierazi dio instituzioaren ordezkari den Maria Fernanda Astigarragak EuskalKultura.com-i.

“Mari Lazcano Olazcoaga de Aramayo 1948. urtean iritsi zen Argentinara Antonio senarra eta Joseba eta Iñaki semeekin. Momentu hartan, gainera, Bety alabaren haurdun zegoen. Hasiera batean Mar del Plata hirian kokatuko zen familia baina patuak planak aldatu zizkien eta La Platako euskal etxera etorri ziren kontzesiodun. Urte asko aritu ziren lan horretan eta Mari guztiek estimatzen zuten sukaldari bikain bihurtu zen. Beste zaletasun bat ere bazeukan: kartetan –musean eta kanastan- jokatzea. Mari euskal etxeko alkatea (1980 eta 1986. urtetan), batzordeko kide eta biziarteko kide izan zen. Azkenean, eta 90 urterekin, 2003ko uztailaren 19an utzi gintuen”, kontatu digu Matxin Burdin Liburutegiko arduraduna den Astigarragak.

Emakume Nabarmenak sariaren emanaldia martxoaren 10ean izango da, iluntzeko 7etan, Udaleko Urrezko Aretoan, 12 kalean 51. eta 53en. artean. Euskal Etxeko lagunez inguratuta, Iñaki eta Bety Aramayok jasoko dute diploma euren amaren izenean. 

2014ko ekintzak

Berri honekin batera, La Platako euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeak erakundeak urtean zehar garatuko dituen ekintzen zerrenda helarazi digu. Hona hemen aktibitateak eta ordutegiak:

-Emakumezkoen Hockey Eskola, astearteetan arratsaldeko 6etan
-Umeentzako Futbol Eskola, astelehenetan 5:30etan
-Euskal Pilota Eskola, ordutegia baieztatzeke dago

-Itsuen Futbol Taldea: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan ordu 2etatik 4etara
-Gizonezkoen gimnasia: ostegunetan, gaueko 9etatik 10etara

Dantzak:
-Helduen Taldea: larunbatetan, arratsaldeko 7:30etan
-Txikien Taldea: larunbatetan, arratsaldeko 5etan
-Ertainen Taldea: larunbatetan, arratsaldeko 5etan
-‘Zaharrak’ Taldea: ordutegia baieztatzeke

-Abesbatza: asteazkenetan, arratsaldeko 7etan
-Euskara klaseak: apirilean hasiko dira
-Liburutegia: asteazkenetan eta ostiraletan dago irekita publikoari, arratsaldeko 5etatik 9etara.

Informazio gehiago jasotzeko edota izena emateko, euskal etxeko idazkaritzarekin jarri behar da kontaktuan, 457-1638 telefonora edo secretaria@cvascolaplata.org.ar helbidean. La Platako euskal etxea Facebook-en ere badago Centro Vasco Euzko Etxea La Plata izenpean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia