euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hezkuntza sailburua Renoko CBSeko buruekin eta Stanford Unibertsitateko errektorearekin bilduko da

2007/02/28

Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

PUBLIZITATEA

Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Patxi Juaristi Unibertsitate zuzendaria Estatu Batuetara abiatuko dira bihar, Nevada-Reno eta Stanford-eko Unibertsitateetako arduradunekin biltzeko. Renon sailburuak Center for Basque Studieseko Aholku Batzordearen bileran parte hartuko du eta Stanforden unibertsitate ospetsu honetako errektorearekin bilduko da, John Etchemendy euskal amerikarrarekin alegia.
Tontxu Campos Hezkuntza sailburua eta Patxi Juaristi Unibertsitate zuzendaria Estatu Batuetara abiatuko dira bihar, sei egun iraungo duen bira bat egiteko. Bidaiaren lehengo partean euskal ordezkaritza Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studieseko (CBS) arduradunekin bilduko da. CBS euskal kulturari buruzko ikerketa eta dokumentazio zentro nagusia da Euskal Herritik kanpo. Bigarren partean Kaliforniako Stanford Unibertsitateko errektore John Etchamendy-rekin bilduko dira.

Bidaiaren lehenengo ekitaldia Nevadako Unibertsitateko Renoko campusean burutuko da. Camposek euskararen egoerari buruzko hitzaldia eskainiko du bertan ostiralean. Larunbatean euskal ordezkaritzak CBSren Advisory Board edo Aholku Batzordearen bileran parte hartuko du. Bilera honetan Jaurlaritza eta CBSen arteko lankidetza hitzarmen berritua sinatuko da. 'Lankidetzak urteak daramatza, baina aurten akordioa berritu behar izan da, atal berriak sartu direlako: William A. Douglass beka berria kasu', azaldu dio EuskalKultura.com-i Patxi Juaristik.

Igandean euskal ordezkaritza San Francisco aldera abiatuko da eta Stanford Unibertsitatea, AEBtako unibertsitate ospetsuenetako bat, bisitatuko du. Campos eta Juaristi Unibertsitateko errektorearekin bilduko dira, Arnegi herri baxenabartarreko jatorria daukan John Etchemendy euskal amerikarrarekin. Joan den azaroan euskal kultura ikastaro bat jarri zuten abian Stanforden, Gloria Totoricaguena CBSko zuzendariaren gidaritzapean. Ikastaroak arrakasta izan du eta euskal ordezkariek eta Etchemendyk egingo duten bileran ekimen hau zabaltzeko aukerak aztertuko dituzte. Tontxu Camposek, bestalde, euskararen egoerari buruzko mintzaldia eskainiko du astelehenean unibertsitate honetan.


Lotura interesgarriak

Stanford Unibertsitatea, California
www.stanford.edu

Center for Basque Studies (CBS, UNR), Reno, NV
www.basque.unr.edu

Tontxu Campos Kolonbiako Hezkuntza ministroarekin bildu zen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrialren 19an

Stanfordek euskal kultura ikastaroa abian jarri du
EuskalKultura.com-en 2006ko azaroaren 21ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia