euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hezkuntza eta gizarte lankidetza ekimenak Euskal Herria eta Filipinen arteko harremana sendotzen ari dira

2007/07/20

Ibarretxe lehendakariak Ajuria Eneako Jauregian hartu zuen filipinar senadoreen ordezkaritza
Ibarretxe lehendakariak Ajuria Eneako Jauregian hartu zuen filipinar senadoreen ordezkaritza

PUBLIZITATEA

Euskal Herriaren eta Filipinen arteko harreman historikoa berreskuratzea, horixe da Marciano R. De Borjaren asmoetako bat. Filipinetako kontsula da De Borja Madrilen eta asiar herrialde horretako euskal ondarea sakonki aztertu du Basques in the Philippines liburuaren egile den diplomatiko honek. De Borjaren bultzadari esker bi herrialdeen arteko ekimen ugari ari dira gauzatzen azken hilabeteetan: uztail hasieran filipinar senadore talde bat izan zen Euskal Herrian eta Ibarretxe lehendakariarekin bildu ziren; aldi berean Bultzapen izeneko Gobernuz Kanpoko euskal Erakundeak ospitala eraiki nahi du Aritaon; eta EHUk hitzarmena egin du Nueva Vizcaya probintzia filipinarreko hiru unibertsitaterekin.
Azken hilabeteetan Euskal Herria eta Filipinas arteko harremanak sakontzeko asmoa duten ekimen ugari jarri dira abian, bi herriek historikoki izan zuten erlazioa aitzaki eta pizgarri hartuta. Harreman honek esplorazio eta itsasbidaien garaian izan zuen gailurra, baina garai hartarik, gaur egun ere itzal handia dute Filipinetan Andres Urdaneta erlijio- eta itsas-gizonak (besteak beste 'Tornaviaje' izeneko itsas bidea aurkitu zuen berak) edota Jose Oyangurenek, Davao hiria sortu zuen bergararrak, konparazio.

Urdanetaren jaiotzaren V. mendeurrena dela eta Filipinetako presidente Gloria Macapagalek bidaia egingo du abenduan Euskal Herrira, Ordizia (Urdanetaren jaioterria) ezagutzeko. Aurretik, ordea, hartu-eman ugari izan dira euskal eta filipinar agintarien artean. Berriki, uztail bukaeran, Filipinetako senadore talde bat Euskal Herrian izan da eta Ibarretxe lehendakariak harrera egin zion Ajuria Enean.

Ospitalea Aritaon

Bestalde, Bultzapen GKEa Filipinetako Nueva Vizcaya probintziako apezpikutegiarekin ari da lanean Aritao herrian 25 ohe izango dituen ospitale bat eraikitzeko. Ekimena Nueva Vizcayako apezpiku Ramon Villenak jarri zuen abian eta joan den maiatzean gotzaina bera Euskal Herrian izan zen Bultzapeneko arduradunekin bildu eta ekimenean parte hartuko duen Somorrostroko Lanbide Eskola ezagutzeko.

'Nueva Vizcayako gotzaingoak ospitaleko bi eraikin txiki egin ditu jadanik, baina nagusia egiteko laguntza hau beharrezkoa du', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Marciano R. de Borja kontsulak. Hortxe hasten da Bultzapen-en lankidetza; izan ere, dagoeneko ekimena aurrera ateratzeko behar den finantziazio biltzen hasia da taldea. 'Gure laguntza, alde batetik ekonomikoa izango da, eraikina egin eta hornitzeko, baina bestetik trebakuntza ere emango diegu eta hango lagun talde bat Somorrostroko Lanbide Eskolara ekarriko dugu osasun arloko hezkuntza emateko', azaltzen du Bultzapeneko kide den Miren Ruizek.

Filipinetako unibertsitate ikasle eta irakasleak EHra

Bide onetik doan beste ekimena Euskal Herriko Unibertsitatea eta Nueva Vizcayako hiru unibertsitateren arteko lankidetza hitzarmena da. Nueva Vizcaya State University, Saint Mary’s University eta Aldersgate College dira unibertsitate hauek. Hitzarmenaren helburuetako bat bi herrialdeon arteko harremanak sakontzea da. 'Nueva Vizcaya probintzia 1839an sortu zuen Luis Lardizabal gobernadore euskaldunak eta, pentsa daitekeenez, bere sorterriaren omenez jarri zion izen hori. Euskal eragina nabarmena da hemen, batez ere toponimoetan. Adibidez, badago Mungia izena duen herri bat', azaldu du De Borjak.

Izan ere Mungia izena Nueva Vizcayako errepideetako karteletan aurkitzeak ederki harritu zituen maiatzean bertara joan ziren EHUko ordezkariak: Juan Ignacio Pérez Iglesias errektorea, Iñaki Goirizelaia Bizkaiko kanpuseko errektoreordea eta David Lasagabaster, Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea. Bidaia horretan sinatu zituzten lankidetza hitzarmenak, orduantxe BasqueHeritage.com-ek agertu bezala. 'Bisita historikoa' izan zen, De Borjaren hitzetan, eta bi herrien arteko harremana berreskuratzeaz gain etorkizunerako oinarriak jartzen dituen ikasle eta lankidetza trukaketa programaren abiapuntua izan zen.


Lotura interesgarriak

Somorrostro Lanbide Eskola
www.somorrostro.org

Bultzapen
www.somorrostro.org/c/pastoral/bultzapen

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU)
www.ehu.es><br><bR> EHU eta filipinar unibertsitateen arteko lankidetza<bR> <a href=http:/www.basqueheritage.com/berria/eusk/index.php?artiid=5926 target=_new>BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia