euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hervé Trinquet, Eskual Etxeko lehendakari: 'PEE Pariseko euskal kulturaren promozio gunea izan dadin nahi dugu'

2008/05/14

Eskual Etxeko lehendakari berria, Parisen sortua den eta 25 urte dituen Herve Trinquet
Eskual Etxeko lehendakari berria, Parisen sortua den eta 25 urte dituen Herve Trinquet

PUBLIZITATEA

Pariseko Eskual Etxeak (PEE) aro berri bati ekin dio berriki aukeratutako zuzendaritza batzordearen gidaritzapean. Hervé Trinquet du talde berriak buru lehendakari bezala eta Parisen jaiotako zuberotarren semeak EuskalKultura.com-ekin hitz egin du erronka eta ekimenen berri emateko. Horien artean nabarmanetakoak Euskal Etxea Saint Ouen auzora irekitzea eta elkartea euskal artista, musikari eta idazleek euren lana Parisen ezagutzera emateko plataforma bezala erabiltzeko gonbitea dira.
Pariseko Eskual Etxeko (PEE) zuzendaritza berria jo eta su ari da lanean, duela hilabete batzuk --iragan martxoan, hain zuzen-- kargura heldu ostean. Talde berriaren buruan Hervé Trinquet lehendakaria dago (lehendakariorde kargua oraindik aukeratzeke dago), Essam Ismail da diruzaina, Jean-Paul Lebel diruzainordea, Arlette Ocafrain idazkaria eta Marie-José Chohobigarat idazkari laguntzailea.

Batzordekide hautetsien kontseilua honako hauek ere osatzen dute: Philippe Lartigue, Maryse Lartigue, Martine Labiste, Albert Rougé, Michel Vaunois, Florence Griponne, Nicolas Baptiste, Robert Curutchet, Robert Estagnan, Jeannot Lapeyrine eta Marie-Neige Cilvetti-k. Hauei, eskubide osoko batzordekide bezala Baptiste Mounho (Baionako elizbarrutiko ordezkaria) eta Laurent Fourcade (Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko ordezkaria) gehitu behar zaizkie.

EuskalKultura.com-ek Hervé Trinquetekin solastu da, 25 urteko gazte honen euskal sustraiak, zuzendaritza taldearen helburuak eta Euskal Etxearen ekimenak aipagai harturik:

SUSTRAIAK BARKOXEN, ZUBEROAN

-Zeintzuk dira zure euskal sustraiak eta nola hasi zen Pariseko euskal komunitatearekiko eta Eskual Etxearekiko zure harremana?

Aitaren aldetik familiaren sustraiak Zuberoan daude, Barkoxen zehazki. Ni Parisen sortua naiz baina harreman estua gorde izan dugu beti gure euskal sustraiekin. Urtero Zuberoara joaten ginen udara pasatzera. Parisen ikasketak hasi nituenean Eskual Etxea aurkitu nuen, Gazteria dantza taldearen bidez. Emeki emeki bertako ekimenetan sartzen hasi nintzen eta bolondres lanetan murgiltzen. Azken urteotan Eskual Etxeko ekimen askoren antolakuntzan parte hartu izan dut.

-Zeintzuk dira zuzendaritza berriaren datozen ekimenak?

Hasteko Eskual Etxearen programazioa sendotu egin behar dugu eta gure publikoak ekimen berrietan parte hartuko duela ziurtatu. Era berean gure elkarte eta bazkideekin lan egin behar dugu, ideia asko dituztelako. Ideia horiek gauzatzeko modua eskaini behar diegu.

Adibide zehatzak emanez, joan den apirilean 'Orok Betan' dantza jaialdia antolatu genuen (euskal, italiar eta greziar dantzarien topaketa) eta oraintxe bertan beste ekimen hauetan ari gara lanean: Pariseko Herri Urrats (maiatzaren 24 eta 25a), gau tematikoetan eta mintzaldietan. Hemendik aurrera, gainera, Saint Oueneko Udalarekin batera hainbat ekimen prestatzen ari gara (Saint Ouen euskal etxea dagoen Pariseko barrutia da).

ATEAK IREKI

-Zein da Eskual Etxeraren egungo egoera?

Gure ekimenak ahal bezainbeste dibertsifikatzen saiatzen gara, ahalik eta publiko zabalena biltzeko. Hasteko gure urteko programazioaren bizkar hezurra osatzen duten ekitaldiak ditugu: besteak beste, elkarteen kurtso hasierako ekitaldiak, Nafarroaren Jaia, bazkariak, dantza jaialdia, Pariseko Herri Urrats... Bestalde, elkartearen ateak irekitzen saiatzen ari gara, auzoko elkarteekin batera ekimenak antolatuz: kultur ekitaldiak (kontzertuak, mintzaldiak, erakusketak) edo Errugby Mundialeko elkarretaratzeak, euskal ikuskizunak...

-Zeintzuk dira Eskual Etxearen barruan egiten diren ekimenak?

Ekimenak Eskual Etxeko partaide diren elkarteek egiten dituzte. Horien arten euskal kantua dago (Gernika eta Hegoa koral mistoekin edo Anaiki gizkonezkoen koruarekin), euskal dantza (Gazteria eta Gernika, nagusientzako, eta Pinpirinak, txikientzat), elkartasun ekintzak (Eskualduna), laguntza gizatiarra (Lokarria), euskara ikastaroak (Sustraiak-Erroak) eta euskal jaiak (Zabaltzen).

Errugby talde bat ere badugu, partidatan gure koloreak janzten dituena. Atal honek partaidetza bizia lortzen du Eskual Etxean eta bere aurka jokatzen duten Parisaldeko taldeak ezagutarazten dizkigu.

-Ze jende motak osatzen du Eskual Etxea: gazteak, nagusiak, lehen belaunaldiko euskaldunak, bigarren belaunaldikoak...

Mota desberdinetako kideak ditugu, zorionez: euskal kulturarekin harreman sendoa gorde nahi duten lehen eta bigarren belaunaldiko euskaldunak, Parisera heldu berri diren euskaldunak --horietako batzuk gure ostatuan bizi direnak gainera--, eta besterik gabe euskal kulturan interesa duten herritar arruntak. Adinari dagokionez ere denetarik dugu: gazteak eta ez hain gazteak, haurrak, nagusiak eta erretreta hartutakoak. Akats bakarra zera da, gutxitan lortzen dugula guztiak ekitaldi berean biltzea. Hori da gure helburuetako bat, belaunaldi arteko kontaktua sustatzea.

EUROPAKO EUSKAL ETXEEN TOPAKETA

-Duela hilabete batzuk PEE Europako Euskal Etxeen topaketaren egoitza izan zen. Zein izan zen topaketa honen emaitza? Besterik egiteko asmorik?

Egia da, PEEk antolatuta Europako euskal etxeen bilkura bat egin zen Parisen. Helburua Europako, Euskal Herritik kanpoko, euskal elkarteen sare bat sortzea zen. Hasieran sarea euskal elkarteen bilgarri izateko asmoz, ondoren Europan bizi den edozein euskaldun hartu ahal izateko.

Horrela, iazko abenduaren 1ean, 11 euskal elkarte bildu ziren Parisen: Londres, Brusela, Erroma, Berlin, Zurich, Bartzelona, Valentzia, Montpellier, Paue, Bordele eta Paris. Aurkezpenen ostean argi ikusi genuen lehenengo gauza zera izan zen: amankomunean ezaugarri frango baditugu ere, elkarteen artean egitura desberdin asko daudela eta bakoitzak bere pertsonalitatea duela. Horren ondoren eztabaida esperientziak partekatzean zentratu zen: komunikazio arloan, euskaran, kultur sustapenean...

Etorkizunari begira 2008ko irailean topaketa berri bat egitekotan gelditu ginen eta topaketa honetara beste elkarte batzuk (Madril, Murtzia, Andorra, Kanariar irlak, Ipar Europa) biltzeko ahalegina egingo dugu. Aipagarria da hainbat ekimen amankomun ere adostu genituela eta horietako bitan lanean ari dira jada euskal etxeak.

EUSKAL ARTISTEN ERAKUSLEHIO

-Pertsonalki, zer da zure lehendakaritza honetan lortu nahiko zenukeen helburua?

Euskal Etxearen garapenarekin jarraitu nahiko nuke. 2002an Saint-Oueneko egoitza berrira etorri ginen eta nahiz eta dagoeneko gauza asko egin ditugun oraindik ere hobekuntza ugari egin daitezke euskal etxea funtzionalagoa eta abegikorragoa izan dadin.

Era berean gure programazioa sendotu nahi dugu, gure bazkide eta publikoaren beharrak asetzeko baina baita ere elkartetik kanpokoei ateak irekitzeko. Horrela hobeto lagundu ahal izango dugu euskal kulturaren zabalkuntzan. Horretarako Saint-Ouengo Udalarekin batera egingo dugu lan, izan ere, harreman oso ona dugu. Asmoa Maison Basque-ek Parisen euskal kultura zabaltzeko helburua betetzea da.

Azkenik, nire aurretik izandako lehendakarien lanaren ildotik, oso garrantzitsua da niretzat euskal artistei Parisen ezagutzera emateko laguntza ematea eta Eskual Etxean zein gure kolaboratzaileen aretoetan euren ikuskizunak aurkezteko aukera ematea.


Lotura interesgarriak

Pariseko Eskual Etxea
www.eskualetxea.com

Herri Urrats Iparralden, Buenos Airesen eta Parisen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko maiatzaren 10ean

IV. 'Orok Betan' jaia Pariseko Eskual Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko apirilaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia