euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Herrialde anglosaxoietako euskal komunitateek ere ekitaldi bereziak egin dituzte Gernika gogoratuz

2007/04/28

Renoko erakusketako kartelak
Renoko erakusketako kartelak

PUBLIZITATEA

Gernikako bonbardaketaren 70 urteurreneko oihartzuna herrialde askotara heldu da egunotan, euskal etxeek eta Euskadiko ordezkaritzek egin dituzten ekitaldieri esker. Oihartzun hori herrialde anglosaxoietara heldu da baita ere, bertan bizi diren euskaltzale eta euskal etxeen bidez. Dublin (Irlanda), New York, Gooding, Washington DC, San Frantzisko, Reno edo Ontario (igande honetan), izan dira horietako batzuk. Nazioarteko komunikabideek ere jaso dute berria, horien artean itzal handiko Los Angeles Times, Washington Post (AEB), The Guardian edo Times (GB) egunkariek.
Hainbat kasutan Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena gogoan hartzeko deiak asteburu honetaraino zabaldu dira, hala nola Washington DC hiriburukoa. Estatu Batu bihotzean, Argia Beristain nevadatarra lehendakari daukan Washington Euskal Etxeak gaur goizeko hamaiketarako luzatu du gonbitea, Gernikako gomuta ekitaldia eta Aberri Eguna ospatzekoa bateratu dituen deialdian. Xehetasun gehiago, hemen.

Kontrako kostaldean, Oregon estatuan, Ontario herriko Euskal Etxeak bihar egingo du Gernikaren oroimenezko ekitaldia, Gernikako Arbolaren kimu bat landatuz eta The Mark of Men: Survivors' Memories of the Bombing of Gernika dokumentalaren emanaldiarekin. Informazio gehiago, hemen. Renon, Nevadan, bonbardaketaren inguruko mahai ingurua egingo dute maiatzaren 3an, Unibertsitateko Center for Basque Studies (CBS) eta Zientzia Politikoetako sailak bilduz. Gainera ikusgai daude egunotan bonbardaketari buruzko bi panel berezi CBSren 40. urteurreneko erakusketan. Nere Erkiagak, Renoko Euskal Liburutegiko arduradunak, moldatu ditu panelak Xabier Irujo eta Pedro Ibarra historialarien testuetan oinarrituz.

Kandelak eta poesia Dublinen

Dublinen ere ekitaldiak egin ziren, bertako euskal komunitateak eta Members of International Brigades Memorial Trust taldeka antolatuta, Connolly Books eta Gernika Gogoratuzen babesarekin. Egunak musika eta poesia bildu zituen eta The Mark of Men dokumentala ikusgai izan zen New Theatre-Connolly Books aretoan, Temple Bar auzoan. Gauean 15 kandela piztu ziren Dublineko parke batean, hildakoen omenez.

New Yorken ere urteurrena dela eta ekitaldia egin zen Dorre Bikiek utzitako Ground Zero-n. Ekitaldian Aitor Sotes, Euskadiko ordezkaria New Yorken, Itziar Albisu, Eusko Etxeko lehendakaria eta Josu Iriondo, New Yorkeko gotzain laguntzaileak 'Gernikako adierazpena' irakurri zuten. Ondoren bonbardaketan eta Irailaren 11ean hil zirenen omenez lore eskaintza egin zuten. [Ezkerreko irudian Josu Iriondo, Itziar Albisu y Aitor Sotes ekitaldian (argazkia Luis Foncillas)]

Haritza landatzen San Franciscon

San Franciscon, South San Franciscoko Basque Cultural Center (BCC) eta herri horretako Rich Garbarino alkateak haritz txiki baten alea landatu zuten bertako Sister Citie's Park delako parkean. Kalifornia iparraldeko The Examiner egunkariari eginiko deklarazioetan, Isabelle Bushman BCCko lehendakariordeak, Gernikako bonbardaketa eta Dorre Bizkien erasoa alderatu zituen, biak gizon, a priori helburu militarrak ez ziren emakume eta haur errugabeak hil zituztela esanez.

Artikuluan, Philippe Acheritogaray, Bushman bezalaxe guraso baxenabartarren lehenengo belaunaldi kaliforniarra eta BCCko zuzendaritzakoa bera ere, bonbardaketa Francoren aldean ari ziren militar alemanek eginiko sarraskia izan zela azaltzen saiatzen da, geroago Bigarren Mundu Gerlan ugalduko ziren helburu zibilen kontrako sarraskietako lehena izan zela, Picassok bere obra famatuan islatua. Artikulua, hemen.

Begoya Plazaren Gernikari buruzko dokumentala TVz

Urteurreneko egunean bertan New Yorkeko HITN Television Network (Hispanic Information and Telecommunications Network) telebista kateak Gernika Lives, Begoña Plazaren dokumentala eman zuen. Plazaren aita, gernikarra, bonbardaketako lekuko izan zen eta bizitako egun lazgarria haren kontaketak zine zuzendariaren oroimenean gelditu ziren betirako. Lan honetarako Plazak bonbardaketako lekukoak elkarrizketatu zituen. New Yorketik Mario Salegui idazleak eta John Randolph aktibista iparamerikarrak euren hausnarketak ere eskaintzen dituzte. Xehetasun gehiago, hemen.


LOTURA INTERESGARRIAK

Gernikak bakearen aldeko mezua zabalduko du
Basqueheritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 26ean

Shock and awe in black and white
The Times egunkariko artikulua

70 years of 'shock and awe'
Los Angeles Times-en

The legacy of Guernica
BBC News-eko erreportaia


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia