euskal diaspora eta kultura
2011/03/08
PUBLIZITATEA
Senpere, Lapurdi. Azken urteetan ez du zorte onik izan Herri Urrats jaialdiak, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak (Seaska) antolatzen duen jaiak. 2007an uholdeek sekulako diru galerak eragin zituzten eskualdean eta eguraldia lagun izan ez dela iazko edizioan jendearen erantzuna ere ez zen uste bezain ona izan, emaitza ekonomiko kaxkarrekin. Egoera zail horren aurrean, Seaskak eginiko laguntza deiak erantzuna izan du jada Euskal Herrian, eta 'Gu ere lakuko!' ekimena medio hainbat euskal elkarte jaialdiak eta ekitaldiak ari dira antolatzen jendea maiatzaren 8an Senpereko lakuko jaira joan dadin eta bestela ere dirua biltzeko.
Lehen ekitaldietako bat datorren larunbat honetan egingo da Durangoko Plateruena antzokian. Goizetik iluntzera izango da jaia eta hiru zati nagusi izango ditu: ardoari buruzko ekitaldiak (dastaketa, poesia errezitaldiak, musika eta margo-lanak sortzea, beti ere motibotzat ardoa hartuta); bertso-bazkaria Igor Elortza eta Sustrai Colina bertsolariekin, eta, bukatzeko, Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizuna.
Diasporan ere 'lakuko'
Guztien laguntza behar da ordea. Maiatzaren 8an ospatuko den Herri Urratsen aurtengo leloa 'Laku bat munduan' da, jaiaren egoitza den Senpereko lakua eta euskararen lekua lotuz. Jaiak munduan duen oihartzunari buruz, Estelle Goñi antolakuntzako kideak Diasporako euskaldunen laguntza aitortu eta eskertzen du.
"Badira urtero Herri Urratsen jaia egiten duten zenbait euskal etxe. Adibidez Parisen urtero egiten dute bazkari bat, eta baita Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean ere. Iaz Londresetik ere jaso genuen laguntza", aipatzen du. Batzuek diru-laguntza txiki bat bidaltzen ahal dute, besteek ekitaldia egin baino ezin dute. "Hori ere ez da gutxi", esaten du Goñik.
'Gu ere lakuko!' ekimenak gonbite berezia luzatzen die Diasporako gainerako euskal etxe eta elkarteei jaiarekin bat egin eta ekitaldiak antola ditzaten. Izan ere, zeozer antolatzeko asmotan ari direnei, Herri Urratseko antolakuntzak jaiaren kartelak, afitxak eta horrelakoak bidaltzeko prest dagoela baieztatu dio EuskalKultura.com-i. Ondotik, eskatzen duen gauza bakarra ekitaldien argazkiak bidaltzea da (eta, ahal duenak, diru laguntza ematea eskertuko dute, bistan da).
Euskararen lakuko tanta bat izan nahi al duzu? Jarri Herri Urratsekin harremanetan e-maila idatziz herriurrats@orange.fr helbidera.
-Herri Urratsen webgunea, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus