euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Herri kirola eta munduko aizkora txapeldun Mike Sullivan partaide, egin du bere festa New England Euskal Etxeak

2015/05/11

Joan den larunbatean, maiatzaren 9an, New England Basque Club-en Txitxiburduntzi euskal festan parte hartu duten lagunak (argazkia NEBC)
Joan den larunbatean, maiatzaren 9an, New England Basque Club-en Txitxiburduntzi euskal festan parte hartu duten lagunak (argazkia NEBC)

PUBLIZITATEA

Urteroko bere festa egin du New England-eko (AEB) Euskal Etxeak iragan larunbatean, Suffield-en (Connecticut, AEB). Ehundik gora lagun bildu ziren Riki Lasa Jai Alai jokalari ohiaren etxalde edo 'farma'ra. “Ederra izan da”, aitortu dio Lasa-k berak EuskalKultura.com-i. “Ikuskizuna aparta izan da! Zazpi aizkolari, jendea txingaruten… Ederto atera da urteroko gure Txitxiburduntzi Jaia!”. Bertako kirolariek oroitarazi dute, bestalde, prest daudela herri kirol erakustaldiak egiteko beste edozein euskal etxetan.

Suffield, AEB. Eguraldia ere lagun izan zuten larunbatean, aurreko urteetan ez legetxe, New England-eko lagunek: “Euria izan dugu aurreko bi urteetan baina, aurten, ez euririk, ez berorik, ezta hotzik ere” esan digu Riki Lasak irribarrea ezpainetan. Mike Sullivan bertaratu izanak ere lagundu zuen jaialdia bereziagoa izaten, munduko aizkolari txapelduna baita Sully. Ez zen harritzekoa izan, beraz, berak irabazi izana txapelketa, “nahiz eta gutxirengatik izan zen”, emendatu du, txantxetan, Lasak.

Lasa eta Sullyrekin batera, beste bi aizkolari amerikar aritu ziren, Nick eta Eric, eta euskal jatorriko beste hiru: Kody Lasa, Rikiren semea; Francisco Gandiaga eta Jose Mari Aramendi. Hamahiru enbor moztu zituzten guztira, ordu erdi eskasean.

Bertaratutakoak sokatiran ibili ziren, txingak eraman zituzten eta harri jasotze emanaldi batez gozatu zuten baita ere. “Ez ditugu benetako harriak erabiltzen, zurezkoak dira, baina harri itxura emanda eta 200 kilo pisatzen dutela idatzita ederto geratzen dira argazkiak”, deskubritzen du Lasak.

Islandiako lagunak

Gandiagak berak prestatu zituen txitxiburduntzian erretako txerria eta oilaskoak. Denek gozatu zuten. Yartean, Islandiatik etorritako Gustaff Bidarsson eta Orri Finnebogasson-ek ere; Rikiren lagunak biak. “Islandiaz maitemindu nintzen orain urte batzuk eta urtero joaten naiz hara. Han ezagutu nituen”, esan digu antolatzaileak.

Horren harira, aizkolari txapelketa bat dabiltza orain prestatzen, “islandiarrak eta euskaldunak aurrez-aurre jarriko dituen lehena”, eta Lasarengandik ikastera etorri dira Bidarsson eta Finnebogasson. “Baina oraindik maila harrapatzen ari direnez, litekeena da txapelketa baino erakusketa egitea”. Uztailaren 4an izango da, Reykjavik hiriburuan bertan, eta Lasarekin batera bere beste semea, Nico, ere joango da.

Euskal Etxeei gonbitea

New Englandeko Euskal Etxean herri kirolen kultura handia dute eta horregatik NABOren laguntzarekin, zenbait bidaia egin dituzte Estatu Batuetako beste euskal etxe batzuetan erakustaldiak egiteko. “Oso gustuko dut geure kultura erakutsi ahal izatea”, esaten digu Lasak.

Gauzak horrela, euskal etxeren batek interesa badu mota honetako ekintza bat antolatzeko, NABOrekin edo New England-eko Euskal Etxearekin jar daiteke harremanetan. Esaterako, bi aste eskas barru, maiatzaren 24ean, Bakersfieldeko euskal festan arituko dira Riki Lasa eta Francisco Gandiaga.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia