euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hendaiako Mutxiko Elkartea eta Irungo Txorimaloak, 'Music Made in Euskadi' Boiseko Jaialdin

2010/07/27

Hendaian basea duen 'Mutxiko' dantzari helduen taldea joan den igandean arituko zen San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en eta aste honetan zehar arituko da Boisen, Jaialdi 2010en.
Hendaian basea duen 'Mutxiko' dantzari helduen taldea joan den igandean arituko zen San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en eta aste honetan zehar arituko da Boisen, Jaialdi 2010en.

PUBLIZITATEA

Idahoko Boise hiriburua euskal musika, dantza eta aireen agertoki bilakatuko da aste honetan. Doinu, erritmo eta euskal giro hori ipintzen arituko diren talde eta norbanako gehienak Estatu Batuetakoak bertakoak izango badira ere, badira bi talde Euskal Herritik, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugatik, bilduko direnak Jaialdi 2010era: Hendaiako Mutxiko Elkartea eta Irungo Txorimaloak Soinu Taldea. Azken hauen kasuan, ez da honakoa trikitilari eskola hau boiseratuko den lehenengo aldia, Jaialdi 2000n parte hartu baitzuten eta geroztik lotura estua baitaramate Boiserekin. Mutxiko dantza taldearen kasuan, duela bi urte Argentinako euskal diaspora ezagutu eta bertako hainbat euskal etxetan arrakastaz aritu ondoren, iparralderago jo dute oraingoan, Boiseko Jaialdiaz gain San Frantziskon ere dantzatuz.

Boise, Idaho, Estatu Batuak. Estatu Batuetako bazterretatik Boiseko Jaialdi 2010en parte hartuko duten euskal musika eta dantza taldeekin batera, badira bi talde Euskal Herritik propio bidaiatu direnak, 'Made in Euskadi' etiketarekin anai-arreba euskalamerikarrekin bat egiteko, Euskadiko dantzarien oikurra eramanez 'Old Country' edo europar euskal Amalurraren ordezkari izateko. Gipuzkoak Lapurdirekin daukan mugakoak dira biak, eta bi probintziotako kideak dauzkate. Irungo 'Txorimaloak' eta Hendaiako 'Mutxiko' taldea dira.

Irundarren kasuan, trikiti eskola eta jole-taldea dira Txorimaloak. Haurrrak eta gaztetxoak dira bertako partaide, eta eskolan ikasitakoa agerrarazteko emanaldiak eskaintzen dituen trikiti taldea badaukate. Oso gazterik hasten dira umeak bertan, eta emaitza onak lortu dituzte ikastea eta ongi pasatzea uztartzen. Izan ere, hau ez dute Boisera etorriko diren lehenengo aldia, 2000eko Jaialdin parte hartu baitzuten. Hain izan zen handia lortu zuten arrakasta, bertako jende batzuk elkarte batean bildu eta, Txorimaloak-ekoen laguntzarekin, euren moduko eskola eta talde bat sortu zutela Boisen: arrakastaz ari den Txantxangorria taldea. Euren pareko europarrak bezala ari dira, eta Boisen eta inguruetan jendeak gustu handiz ikusi eta entzuten ditu, haur ikasleak euren irakasle eta gurasoekin, guztiak euskal festetan eta emanaldietan euskal aireak elkarrekin joz.

Hendaiako Mutxiko taldeari dagokionez, lehenengo aldia dute Estatu Batuetan. Duela bi urte Argentinako euskal etxeetan barrena zirkuitu bat egin ondoren pentsatu zuten aurten Ipar Ameriketara etortzea. Aurkeztu ziren Jaialdikoen aurrean, euren emanaldien bideoak bidaliz, eta Boisen zeuzkaten hainbat proposamenen artean eurena hautatu zuten. Ezohiko taldea dira, taldeko gehienak dantzari helduak baitira, baina ez horregatik indar eta abilezia gutxiago dutenak. Ikuskizun polita eta oso bizi eta animatua da eurena. Bost musikari eta hogeita bi dantzari abiatu ziren joan den astean Ameriketara. Boisera sartu aurretik, San Frantziskotik pasatuak dira eta, izan ere, emanaldia eskaini zuten joan den igandean South San Frantziskoko Basque Cultural Center-en. Hiri kaliforniarra bisitatu eta gero abiatuko dira Boisera, bertako Fairgrounds, Morrison Center, eta Basque Block-ean emanaldiak eskaintzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia