euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hendaia eta Irungo dantzari talde batek Mendozan hasi du itzuli argentinarra, abuztu hondarrean Buenos Airesen bukatzeko

2008/08/19

Gipuzkoako zein Lapurdiko kideak biltzen dituen taldea
Gipuzkoako zein Lapurdiko kideak biltzen dituen taldea

PUBLIZITATEA

Joan den asteburuan iritsi dira Argentinara eta Mendozan egin zuten, igandean, euren itzuliko lehenengo emanaldia. Hogeita zortzi dantzari eta musikari dira, Irungo 'Meakako Adiskideak' eta Hendaiako 'Mutxiko' dantza taldeko kideak eta hil azkeneraino arituko dira herrialde australean, emanaldiak eskainiz, bertako euskal etxeen eskutik, San Juan, Córdoba eta Paraná hirietan eta Buenos Aires hiriburuan.

Mendoza, Argentina. Taldeak Irungo 'Meakako Adiskideak' eta Hendaiako 'Mutxiko' dantza taldeen indarrak biltzen ditu, orotara 28 dantzari eta musikari eskarmentudun, gazteenak hogeita hamar bat urte eta zaharrenak hirurogeiak pasatuak baititu. Larunbatean iritsi ziren Argentinara eta igandean, Mendozan, frontoi batean eskaini zuten euren lehenengo emanaldi argentinarra, Mendozako 'Denak Bat' Euskal Etxearen eskutik. Bidaia, izan ere, herrialdea ikusi emanaldiak tartekatuz planteamentuari jarraiki pentsatua da.

Gaur gauean afaria eskainiko die Mendozako Euskal Etxeak eta bihar abiatuko dira Andeen magaletik atera gabe ondoko probintzia den San Juanera, eta izen bereko hiriburuan segituko dute bidaia, bertako Eusko Etxea-ren eskutik. Ostegunean, San Juango Sarmiento Antzokian eskainiko dute bigarren emanaldia. Hortik, Córdobara pasatuko dira, hiriburu hartako Gure Txokoa Euskal Etxearen eskutik larunbatean, abuztuak 23, aritzeko.

Ondotik, ibilgailu daramaten autobusa lagun Paraná-ra iritsiko dira, Entre Ríos probintziako hiriburua berau. Bertako Urrundik Euskal Etxearen eskutik asteartean, abuztuak 26, jardungo dute Paranáko publikoaren aurrean, hiriko '3 de Febrero' Udal Antzokian. Asteazkenean, bidaiaren amaiera puntura helduko dira, Buenos Airesa. Osteguna egun librea ukanen dute eta ostiralean, bidaiako azken emanaldia argentinar hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxeak, Centro Vasco Francés-en, izango da, etxeko trinketean, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak, Euskaltzaleak erakundeak eta Iparraldeko Euskal Etxeak berak antolatutako ekitaldian.

Dantzari beteranoek osatzen duten taldeak honako errepertorioa eskainiko du: Ingurutxo, Arin-arin, Ingurutxo txiki, Axuri (Eaurtako neska dantza), Sagar dantza 'Arizkun', Tafalla 'Los pilindros' jota, Mazurka, Kontradantza, Branlea, Xiberoko makilak, Agintariena, Irradaka, Uztai tiki, Matelotak 'pescadoras' eta Lapurdiko Inauteria.

Lotura interesgarriak

Hendaia taldearen webgunea
www.mutxiko.org

Centro Vasco Gure Txokoa de Córdoba
www.centrovascocordoba.com.ar

Asociación Vasco Argentina Urrundik de Paraná
www.urrundik.com.ar

Euskaltzaleak, Buenos Aires-ko euskara akademia
www.euskaltzaleak.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia