euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Henar Chico: "Athletic-en partidak ikustea, Boisen etxean familian egiten dugun gauzetako bat da "

2015/06/04

PUBLIZITATEA

Hemeretzi urte daramatza Boisen (AEB) bizitzen eta bertakoak dauzka bi seme-alabak, Andoni eta Maitane. Ortuellan duela 41 urte jaioa, Henar Chicok software teknikari gisa egiten du lan eta itzulpen-enpresa txiki bat ere badauka. Honezkero esan daiteke boisetarra ere badela eta 'Made in USA' euskalduna, blogaria eta --azken gertatutakoa baina askorentzat ez garrantzi gutxien duena-- Idahoko hiriburuan sortu berria den Boiseko Athletic Club Peña izentzat hartu duen athleticzale talde ofizialeko burua.

Joseba Etxarri. Izan ere, asko dira Henar Chico ezagutzen dutenak Euskal Herrian eta Diasporan euskal gaietan dabiltzanen artean, seguruenik arrazoi desberdinengatik, makina bat gauza diferentetan nabarmentzen baita gure ortuellar boisetarra. Lan aldetik Hewlett Packard enpresan prentsa digitalentzako software euskarrietan teknikari aritzen den Henar, itzultzaile ere badabil atzera etxean, Chico translations izenpean sortu zuen enpresarekin. Jende ugarik, ordea, blogari gisa ezagutzen dute, EITBko A Basque in Boise blogeko bere postak medio; eta, sarean, NABOren Euskara orrialdeko sortzaile eta kudeatzaile ere izandakoa da, zegokionean Boiseko Ikastolako haurren ama izana zen Henar. Hondarreko hilabeteotan, Boiseko Athletic Club Peñako sortzaile eta lehendakari ezagutu dugu Henar Chico Jimenez (Ortuella, 1973).

Ortuellarra, 19 urte daramatzazu Boisen.

-Egun senar ohi dudana ezagutu eta ezkon berritan, 1996an, etorri nintzen hona --geroztik, 2009an dibortziatu ginen-- ; beraz nire bizitzaren ia erdia daramat Boisen. Hemengo bizitzan integratuta nago eta hemen jaioak dira nire bi seme-alabak, Andoni, 11 urtekoa, eta sei urte dituen Maitane.

Euskal Herrian, Boise bere euskal markarengatik da ezaguna, euskaldunak bere historiako parte direlako, baina egun ere bertan jaiotako euskal arbasodunek aktiboki eutsi nahi diotelako euren izaera eta ondareari. Zure harremana bertako euskal komunitatearekin ez zen berehalakoa izan, urte batzuk eman zenituen hirian euskal etxera bildu aurretik. Askotan gertatzen da egungo euskal emigrante gazteen artean.

-Bai, nire kasuan parte-hartze hori batez ere haurrak izan ondoren etorri zen. Ni hangoa (Euskal Herrikoa) naiz eta badakit euskalduna naizela, baina seme-alaben kasuan lotura hori ez da berehalakoa, ez da besterik gabe automatoki gertatzen. Eta nik nahi nuen, eurak jakitea handik datozela eurak ere, ulertzea zergatik amatxu honelakoa den eta guztiok partekatzea neuretzat garrantzitsuak diren gauzak, balioak eta kultura moldeak.

Izan ere, zu hemen euskaldundu zara, hemen eman diozu euskarari behar zuen bultzada.

-Egia da. Zeozer falta zitzaidala somatzen nuen, euskalduna nintzela esaten nuen Boisen, bertan jaiotako euskaldunen artean ere eta hemengo komunitatean euskarak presentzia daukan hiri honetan. Eta ikustarazi nahi nien nire seme-alabei adinak ez duela axola, axola duena nahi izatea dela, saiatzea, eta gauzak lortzen direla nahi izan ezkero. Seme-alabak Boiseko Ikastolara bidali nituen eta batez ere alabaren kasuan mordoa ikasi zuen, baina bertotik bost edo sei urterekin ateratzen dira eta gauzak ez dira errazak zeure inguru osoa ingelesez ari zaizunean. Geure etxean gaztelania ere hitz egiten dugu, baina euskara ikasita atsenplua erakutsi nahi nien. Online hasi nintzen, geroago Unibertsitatean Nere Leterekin, eta apurka apurka moduak aldatzen joan nintzen, euskaraz harremandu arte hemen euskaraz hitz egiten dutenekin. Gaur egun elkarrizketa bat segi dezaket euskaraz eta hori garrantzitsua izan da niretzat.

Bizitza soziala desberdina da Euskal Herrikoarekin alderatuz.

-Niretzat alde handiena seme-alabak dauzkazunean dator. Hemen erabat aldatzen dira seme-alabarik ez duzula egin ditzakezun gauzak eta aita edo ama bilakatzen zarenean, bi mundu dira. Ortuellan kuadrillak nahasiak dira, adin guztietako bikoteekin eta euren seme-alabekin. Hemen pentsaezina da seme-alabak hartu eta taberna batean sartzea, esaterako. Gauzak sailkatuta eta oihala moztuta dago aldez aurretik. Euskal Herrian etxetik kalera irten eta berehala topatzen dituzu lagunak, eta hemen gauzak aldez aurretik behar dituzu prestatu; gauzek hitzorduka funtzionatzen dute eta lagunekin irteteko aldez aurretik geratu eta agendan sartu behar duzu, nolabait esatearren.

Zure lagun-kuadrillakoak euskaldunak edo euskal arbasodunak dira gehienbat.

-Ia guztiak dira euskaldunak edo euskal-amerikarrak... (pentsatu egiten du), bai, gehienak hemen jaiotakoak. Guztiak hitz egiten dute gaztelania edo euskara eta lagungarri izan zaizkit oso. Lagundu didate, esaterako, nire seme-alabak hobeto ulertzen, eurekin euskal-amerikartasuna partekatzen baitute.

Interneten, NABOren euskara orrialdea abiarazi zenuen, eta zure blog A Basque in Boise ezaguna da oso euskaltzaleen artean.

-Bloga 2007an hasi nuen. EITBn Euskal Herritik kanpoan bizi zen jendea nahi zuten gauzak komentatzeko eta hango lagun batek Lontzo Sainz-ekin kontaktuan ipini zidan. Nire gauzetaz jarduteko erabiltzen dut eta apurka apurka duen oihartzuna zabaltzen joan da. Orain jendeak oharrak bidaltzen dizkit blogean argitara ditzadan. Gustura idazten dut, ez bainaiz behartuta sentitzen, ahal dudanean edo nahi dudanean egiten dut. NABOren Euskara orrialdea --NABOn euskararen irakaskuntzaz arduratzen dena--, berriz, HABEren Euskara Munduan segitzen ari nintzela sortu nuen, Izaskun Kortazarrekin. Hiru bat urtez kudeatu nuen.

Betidanik athleticzale?

-Betidanik. Bi urte ere ez nituela aitak Ortuellaren partidak ikustera eramaten ninduen eta 18 nituela zuzendaritzan sartu nintzen. Baina betidanik athleticzale.

Posible da Boisetik konektatuta egotea eta, esaterako, Athletic-en partidak segitzea?

-Teknologia berriei muzin egiten dienik izango da, baina azken urteotan zaila dena, izan ere, konektatuta ez egotea da. Orain, esaterako, aplikazio bat daukat mugikorrean telebista katea espezialduek ematen dituzten partidetarako sarbidea ematen didana eta ikus eta segi ditzaket, esaterako, Espainiako Liga, Mexikokoa, Alemaniakoa... Sei dolar dira hilabetean eta uzten dit, adibidez, irudia telebista pantaila handira pasatzea. NIre kasuan, gainera, semea ere athleticzalea daukat eta, beraz, partidak ikustea familia gisa egiten dugun jarduera bat gehiago da. Europarekiko ordu-aldearengatik partida larunbatean hemengo goizeko bederatzietan bada, etxetik ikusten dugu, lasai asko, eta beranduago bada, hemengo 13:00etan (gaueko bederatziak Euskal Herrian) esaterako, Euskal Etxean ikusten dugu. Euskal Etxekoek email bat bidaltzen digute abisatuz partidak noiz diren eta hamabost.hogei bat pertsona batu ohi gara.

Nola sortzen da Boisen Athletic-en Peña egiteko asmoa?

-Aspaldidanik ari zitzaidan lagun bat, Jose Lasuen, ideiarekin bueltaka, sortu behar genuela. Elkar ikusten genuenean beti gai bera aipatzen genuen. Iaz, Athletic-ek aurtengo udan hemen jokatu behar duela-eta, esan genuen momentua hau zela eta paper guztiak eskuratu, notario aurrean legeztatu eta joan den urteko irailaren 28an sortu genuen ofizialki, nire urtebetetze egunean: urtebetetze opari ederra izan zen. Geroztik, azken aste hauetan interneteko gure presentzia aktibatu dugu eta jendaurreko plazaratzea Koparen finaleko larunbatean egin genuen. Boiseko Euskal Etxea bete egin zen. Zirraragarria izan zen, partida galdu arren. Dagoeneko berrogeita hamar bazkide gara eta horietatik erdiak baino gehiagok ordaindu du dagoeneko kuota. 25 dolar dira urteko eta lehenengo urte honetan Peñako zapia eta elastikoa oparitzen ari gara. Bazkide izateko eta Peñari laguntzeko ez dago zertan Boisen bizi behar (irribarre egiten du).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia