euskal diaspora eta kultura
2013/02/06
PUBLIZITATEA
Uztaritze, Lapurdi. Inauteriak bihar hasiko dira, Ostegun Gizenarekin, baina Lapurdiko Uztaritzen otsailaren 1eaz geroztik abiatua da inauterien inguruko Hartzaro festibalaren 17. edizioa. Herri Soinu elkarteak antolatuta, otsailaren 12a bitartean hainbat animazio, kontzertu eta dantza ikusgarriak egingo dira herrian.
Bihar bertan, adibidez, "Tutak" izeneko sorkuntza ikusi ahalko da Latsan. Ikuskizunaren sortzailea, Jokin Irungaray (1987, Itsasu, Lapurdi) artista gaztea da. Musikari, antzerkilari eta ipuin-kontalaria, Irungarayk zuzenduko du tobera mustra hau.[ Jokin Irungarayrekin elkarrizketa, hemen]
Hartzaro 2013 festibalaren egitarau osoa: Hartzaro 2013 - Egitarau osoa (pdf).
New York, Bartzelona, Valencia...
Diasporan ere Inauteriek izango dute oihartzuna eta New Yorken, adibidez, Euzko Etxeak Aratuste festa antolatu du. Urrian Mendeurrena beteko duen euskal etxetik agertzen digutenez, jaia arratsaldeko 5etan hasiko da eta gaueko 11ak arte luzatuko omen da. Haurrentzat eskulan lantegia antolatu dute (mozorroak, pultserak, marrazkiak eta abar egin ditzaten), jolasak ere izango dira (aulki-jokoa, sokatira, pinata...) eta 8ak inguruan haurrek egindako mozorroekin lehiaketa egingo da (mozorrorik originalena, beldurgarriena eta politena aukeratuko dituzte).
Bartzelonan Euskal Etxeak Inauteriak eta euskal zinemaldia uztartuko ditu eta otsailaren 16an Zinema Festa izeneko mozorro jaia egingo da euskal egoitzan. Beste leku askotan inauteri festak egingo dira, euskal etxeetan zein festak oihartzun berezia hartzen duen herrietako kaleetan euskal etxe gisa parte hartuz. Estatu Batuetatik, Uruguai eta Argentinaraino, Venezuela, Kanada eta Txinatik pasatuta, besteak beste.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus