euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Heldu eta umeentzako narrazio saioak eskainiko ditu Itziar Rekalde kontalariak Chascomus eta La Platan

2012/11/15

Itziar Rekalde kontalaria
Itziar Rekalde kontalaria

PUBLIZITATEA

Zenbait hiri eta euskal etxe bisitatuko ditu Itziar Rekalde Luzarraga ipuin kontalariak datozen egunotan, Argentinara egiten ari den bisitan. Gaurko hitzordua Chascomus hirian izango da eta euskal etxeak antolaturik hiru emanaldi eskainiko ditu: goizean, Bernardino Rivadavia Eskolan; arratsaldean, 3 zenbakidun Eskola Munizipalean; eta iluntzean, Zingirako Euskaldunak-en egoitzan. Gogora dezagun aditu euskaldunak La Platan jarraituko duela bere bira, azaroaren 21ean bertako Unibertsitatean, eta azaroaren 22an Udalaren Liburutegi Gunean.

Chascomus, Argentina. Ezohiko ekintza baten protagonista izan ahal izango dira gaur Chascomuseko lagunak, helduak zein txikiak. Itziar Rekalde ipuin kontalariak hiru saio emango ditu Buenos Aires probintziako herri honetan eta hiruretan publikoa ahozko kontakizunetan murgiltzera gonbidatuko du.

Rekalderen agenda goizean hasiko da Bernardino Rivadavia Eskolan, eta arratsaldean jarraituko, 3 zenbakidun Eskola Munizipalean. Bi antzezpenak umeei zuzenduak izango dira, eta euskal etxearekin batera, herriko liburutegi eta narratzaileek antolatu dituzte. Iluntzeko 7:30etan, berriz, narrazioak helduentzat izango dira eta euskal etxearen egoitzan, Franklin kalean, jendaurretuko ditu kontalari euskaldunak.

La Platan egingo diren saioei dagokienez, azaroaren 21ean izango da lehena eta Gogoetarako Euskal Katedra Askearen babesarekin ‘Ahozko kontaerako teknikei buruzko tailer-laborategia’ emango du Rekaldek goizeko 9etatik 12etara eta arratsaldeko ordu bietatik bostetara, La Platako Unibertsitate Nazionalaren Humanitate Fakultateko 428. ikasgelan.

Biharamunean, hau da, azaroaren 22an, “Ahozko narrazioa, elkarretaratzea eta omenaldia hiriari” izenburupeko ekintzan hartuko du parte. Bilkura La Platako Udalaren Liburutegi Gunean izango da, 49. kaleko 835. zenbakian, arratsaldeko 6:30etan. Argentinako Kontalarien Elkarteko Maria Laura Dippolitok eta Teresita Bustosek osatuko dute antzezle-zerrenda.

Musa eta omenaldia

Chascomuseko eta La Platako euskal etxeak aipatu ditugularik, bi euskal etxeek beste ekitaldi bat egin zuten elkarrekin joan den asteburuan. Buenos Aires probintziako hiriburuan ‘Miguel Angel Arraras’ Mus txapelketa burutu zen azaroaren 9an Euzko Etxea-ko Toki Alai aretoan. Irailean hil berria den Miguel Angel Arraras kide chascomustarraren omenez, Xabier Aramayok eta Jorge Etcheparek hitz batzuk esan zituzten eta Andoni Azkaratek ohorezko Aurreskua dantzatu zuen. Omenaldiaren baitan oroigarri batzuk eskuratu zitzaizkien ‘Miguelo’ Arrarasen ahaideei. Txapelketari dagokionez, Juan B. Mutuberria eta Luis Moreno muslari chascomustarrek bereganatu zuten lehenengo saria.

Mus txapelketa La Platan 2012 01

[Omenaldia, musa eta pintxo txapelketa La Platako Euzko Etxean (argazkiakEE)]

Aipatzekoa da azaroaren 9an ere La Platako Euzko Etxean I. Pintxo Lehiaketa burutu zela. Bost taldek aurkeztu zituzten espezialitateak, tartean Hockey eskolako kideek, liburutegiko kideek, pilotariek eta dantzariek, ‘Zaharrak’ eta ‘Helduak’ taldekoek. Erabakia ez zen erraza izan epaile izan ziren Alfredo Larrañaga, Pedrito Berrueta eta Miguel Auzmendirentzat; erabakia hartu beharra zegoenez, pilotariei eman zieten lehenengo saria eta dantzari helduei, bigarrena.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia