Villa Maria, Argentina. Munduko euskal etxeetan euskara irakatsi eta tokian tokiko irakasleak formatzeko 'Euskara Munduan' programako Neguko Barnetegia Villa Mariako Euzko Etxean egin berria da uztailaren 14tik 21era, Argentina, Txile eta Uruguaiko 22 ikasle-irakasle partaide. 2018ko aurrez-aurreko bigarren ikastaro trinko hau Euzko Etxeak eta FEVAk antolatu dute, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Gogora dezagun aurtengo urtarriletik Euskara Munduan egitaraua HABEren baitangoa izatetik Etxepareren baitara pasatua dela osorik eta blokean, eta beraz Kinku Zinkunegik bera koordinatzaile Donostiako Tabakaleran egoitza duen institutu barrutik segitzen duela bere jarduna.
Barnetegiaren osteko balantze bikaina egin du Kinku Zinkunegik bera koordinatzaile eta irakasle izan zuen ikaste-egonaldiaz.
Parte-hartzaileei dagokienez, euskara hutsean bizitzeko dagoeneko lortu duten gaitasuna azpimarratu du: “Maila jasoa daukate, (Hizkuntzen Europako Erreferentzi Markoko) B2ko edukiak ikusten ari dira eta egiarizor barnetegi osoan ez dut gaztelaniazko hitzik entzun. Egia da ikasleak 2019an egingo diruzten egiaztatze probei begira ari direla lanean, eta beraz oso inplikatuta daudela helburu hori lortzearekin. Irakasleak, bestalde, bertakoak izan dira, Gabriela Mendia eta Rocio Basterra argentinarrak eta ni neroni. Azpimarratzekoa eta eskertzekoa da Rocio eta Gabrielaren laguntza. Izan ere beraiek ere baitira programa honetako fruitu".
“Azpiegituraren aldetik", jarraitu du Zinkunegik, "Euskal Etxeak primerako lekua eskaini digu, bertako instalazioak erabat gure esku jarrita. Euskal Etxeko Batzordearen harrera eta jarrera ezin hobeak izan dira eta beraz esker beroak luzatu nahi dizkiet beraiei ere. Gainera, ‘Anima Zaitez!’ programako jendearekin egokitu gara eta astean zehar, barnetegiaz gain, ekintza ugari eta bizitasun handia bizi izan ditugu Euskal Etxean".
Barnetegia bukatuta, jardunaldi pedagogikoak egin ziren Villa Mariako euskal egoitzan bertan. Bi eguneko irakasleen topaketa honetan datorren urteko HABEko azterketen inguruko ariketak eta hausnarketak egin zituzten bildutakoek.