Boise, AEB. Estatu Batuetako euskal komunitatearen baitan hazi eta bertako lagun eta kide dira. Joan den martxoan euren hautagaitzen aurkezpena iragarri genuen EuskalKultura.com-en. Aitor Narvaizak Elkoko sheriffa izan nahi zuen eta Diana Lachiondok "County Comissioner" edo Boise hiria barruan duen Ada Konderriko gobernukidea. Zorionak biei, Narvaiza errepublikarra, Lachiondo demokrata, biek lortu baitute joan den astearte honetan helburu zutena, bi kasuetan euren inguruko euskaldunak ere lankide.
Gogora dezagun Elkoko sheriffaren bulegoan 23 urtez aritu ondoren, Bizkaiko Ermuan jaio eta 8 urterekin familiarekin Elkora immigratutako Aitor Narvaizak pausoa eman eta Elkoko sheriffa bilakatzeko hauteskundeetara aurkeztu zela. Aitor Elkoko Euzkaldunak euskal etxeko kide izan da beti eta bere ekarpen ezagunenak kirolaren arloan egin dizkio bertako euskal komunitateari, harrijasotzen, euskal herri-kirolen zale eta erakusle izan baita gazte zenetik Estatu Batuetako inguru honetan, eta hala segitzen baitu 50 urteak pasatu berriak dituela.
Diana Lachiondo, berriz, Ibarrangeluko Julian Lachiondo eta Mountain Home-ko (Idaho) Lydia Gandiagaren biloba da, Lydia Ispaster eta Markinako gurasoen alaba. Ada Konderriko 'Commisioner' edo gobernukide berria, bere ahizpa gazteago Aliciarekin batera, euren inguruarekiko konpromiso hiritarrean haziak izan dira, kultura, unibertsitate eta hezkuntza aukeren arloan batez ere, arlo horietan bereziki ekarle aktibo izan baitira euren guraso Dave eta Patty (Smedly) Lachiondo. Boiseko alkate Dave Bieter-en ingurukoa da Diana, eta senarra eta bi semeekin batera Boiseko Euzkaldunak euskal etxeko partaide.
Diana demokrata da eta Aitor errepublikarra.
Bi hautagaiek daude harro euren euskal jatorriaz eta honela utzi dute agerian kanpainan zehar, hautagai euskaldunen sostengua ere eskatuz.
Diana Lachiondok Aitor Narvaizak baina gehiago baliatu ditu sare sozialak eta honela zioen juxtu hauteskunde aurreko bere azken mezuak:
Ninety years ago, a Basque teenager came to this country with nothing but his name pinned to his coat. He built a life, family, and business in Ada County. That man was my grandfather, Julian Lachiondo. Inspired by his legacy of hard work and love for his community, I'm running for Ada County Commissioner with a people-driven campaign. I'm Diana Lachiondo and I'm counting on your vote November 6.
(Duela 90 urte, euskal nerabe bat heldu zen herrialde honetara berokian bere izena ipinita baino ez zuela. Bizitza bat eraiki zuen, familia bat eta negozio bat Ada Konderrian. Gizon hura nire aitxitxe zen, Julian Lachiondo. Lan gogorreko eta konderri honekiko bere maitasun-adibidea inspirazio dudala aurkeztu naiz Ada Konderriko gobernukide izatera, jendea lagun eta helburu duen kanpaina batekin. Diana Lachiondo naiz eta azaroaren 6an zure botoa eskatzen dut)
Honela eman dute hautapenen berri Boiseko Idaho Statesman eta Elko Daily Free Press kazetek, hurrenez hurren.
(Euskal jatorriko hautagai gehiago ere izan dira, daturen bat bidali nahi badiguzu idatzi info@euskalkultura.com-era)