euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hegoaldea eta Iparraldea ordezkatuta daude joan den astean Necochean hasi den 'Hator Hona' VII. edizioan

2010/07/29

'Hator Hona' programako partaideak euskal etxera heldu ziren momentuan (argazkia EE)
'Hator Hona' programako partaideak euskal etxera heldu ziren momentuan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremana estua da oso. Lotura sendo horren arrastoak hainbat lekutan ikus daitezke, hor eta hemen, zelai eta hirietan, ohituretan eta jendeengan. Arbasoak, aitona-amonak eta gurasoak atxikimendu horri eusteaz arduratu ziren urtetan. Gaur, gazteek ere herrien arteko erlazioa mantentzeko aukera dute eta ondo asko egiten dute. 2004tik aurrera Necocheako Euzko Etxeak bultzatzen duen 'Hator Hona' programa, paregabeko baliabide bihurtu da asmo hori betetzeko. 'Hator Hona'ren bidez, zazpi euskaldun etorri dira egunotan Argentinara, sei Hegoaldekoak eta bat Iparraldekoa. Izan ere, euskal etxeko kideak poz-pozik daude, Iparraldeko partaide bat etortzen den lehenengo aldia baita. Zazpi gazteak hiru aste izango dira Necochean, bertako familiekin bizitzen eta euskal etxean dantza, musika, kirola eta euskarari buruzko tailerrak ematen.

Necochea, Argentina. Uztailaren 16an hasi da Necochea hirian 'Hator Hona' programa. Euskal Herritik etorri diren zazpi gazteek euskal kulturari buruzko eskolak ari dira ematen hiru astetan zehar euskal etxearen egoitzan; ekintzak komunitate osoari irekiak dira eta adin guztietako jendeak har dezake parte.

2010eko Hator Hona programa

['Hator Hona' programan parte hartzen ari diren Euskal Herriko zazpi euskaldunak Necocheako Euzko Etxea-ko lagunekin (argazkia EE)]

Neska-mutilen trebetasunei dagokienez, Iparraldeko Karine Etcheverry, Gasteizko Amaia Miguel eta Lemoako June Egileor trikitixa tailerraren ardura hartu dute. Musika eremutik atera gabe, Gasteizko Aizkoa Medenabeitiak eta Legazpiko Garikoitz Nuñez Aldalur-ek dantza ikastaroak ari dira ematen. Ibarra herri gipuzkoarretik etorritako Jon Alustizak, berriz, esku pilota partiduak antolatzeari ekin dio eta euskara jakin nahi dutenak Barakaldoko Enara Bellozorekin daukate hitzordua, elkarrizketak izateko.

2010eko Hator Hona programa

["Gazte Alai" Taldeko dantzariek Aurreskua dantzatu zieten heldu berriei (argazkia EE)]

Egonaldiaren lehenengo egunean, euskal etxeko “Gazte Alai” Dantza Taldeak Aurresku bat dantzatu zien bisitariei eta gero Argentinako asado tipikoa partekatu zuten. Necocheako euskal komunitateko familiak ematen ari zaizkie ostatua Karine, Amaia, June, Aizkoa, Garikoitz, Jon eta Enara gaztei hiru aste hauetan, hemengo ohiturak eta bizimoduak ezagutarazteko. Arratsaldean, euskal etxean ari dira gazteak klaseak ematen eta afaltzeko orduan “Gazte Alai” eta “Zaharrak Alai” taldekoek gauero prestatzen diete afaria.

2010eko Hator Hona programa

[Gauero, Argentinako eta Euskal Herriko neska eta mutilak musikaz disfrutatzen gelditzen dira (argazkia EE)]

Uztailaren 20an 'Lagunaren Eguna' ospatu zuten euskaldunek eta argentinarrek eta 23an Necocheako alkatea den Daniel Molinak Euskal Herriko gazteak jaso zituen Udaletxeko bere bulegoan. Taldearekin batera Felipe Muguerza euskal etxeko lehendakaria, Horacio Giacomini diruzaina eta Cristina Zubillaga batzordeko kidea ere egon ziren bileran.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia