euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hegoalde Argentinarrak 2008an euskara klaseak eskaintzeko engaiamendua egin zuen Euskararen Egunean

2007/12/13

Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen desfilea Rio Gallegos hiriko kaleetan zehar (argazkia Hegoalde ArgentinarraEE)
Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen desfilea Rio Gallegos hiriko kaleetan zehar (argazkia Hegoalde ArgentinarraEE)

PUBLIZITATEA

Euskararen Egunaren ospakizunak oihartzun nabaria izan zuen Santa Cruz probintziako Rio Gallegos hirian, Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen eskutik. Elkarteko 70 kideek osatutako ordezkaritza batek ikurriña eraman zuen bandera argentinarren jasoera ekitaldira. Ekitaldiak hiriko intendente (alkate edo auzapez) eta agintarien partaidetza bildu zuen. Egunari eskatzen zuen moduko bukaera emateko, Los Vascos tabernan bazkari herrikoia egin zuten.
Joan den abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan egin zuten ekitaldia. Eguerdia baino zertxobait lehenago Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeko 70 bat lagunen taldea Rio Gallegoseko masta nagusia dagoen plazaraino heldu zen. Taldearen buruan Florencio Elizarriaga (72 urte), ikurriñarekin, eta Tomás Ariztizábal (15 urte), bandera argentinarrarekin, zihoazen. Euskal Herriko eta euskal etxeko ikurra erakusten zuten pankartek kolorez bete zuten herriko kaleetan egin zen ibilbidea.

Hiriko agintariek euskal elkarteko presidente Martín Arizmendiri ikurrak jasotzeko gonbitea egin zioten. Ondoren, Euskal Etxeko idazkariak bertan zeuden euskaldunen sentipenak azaldu zituen: ‘…Euskara izan da gure herriaren ikurra tirania frankistaren debeku eta bazterkerien gainetik eta euskarari esker gorde dugu gure nortasuna. Horregatik, odolez, jatorriz eta sentimenduz euskaldunak garenok batzen gaituen hizkuntza eta kultura gorde eta zabaltzeko engaiamendua hartzen dugu’.

[Goiko irudian euskal elkarteko bandera eramaileak ikurrekin]

“Argentinar garen aldetik gaztelera iberiar penintsulatik jaso dugu; euskaldunak garen aldetik, mantendu beharreko banakotasuna dugu. Eta ez da gurari hutsala: Espainiar estatuko biztanleen ia erdia gaztelera ez den hizkuntz propioa daukaten komunitateetan bizi da... Gure komunitatearen kasuan, Hegoalde Argentinarra euskal elkartetik, datorren urtetik aurrera euskararengana hurbildu eta hizkuntza ikasi nahi dutenei hori egiteko aukera ahalbideratuko diegu. Eta horrela, euskaldunak jada, geure hizkuntzan esan ahal izango dugu: Gora Argentina! Gora Euskadi!', bukatu zuen.

Bazkaria Los Vascos-en

Ekitaldiaren ostean euskal elkarteko kideak Los Vascos tabernaren patioan bildu ziren, ospatze bazkaria egiteko. ‘Héctor Córdobak lau arkume zituen su-gozotan eta 80 lagunentzako bazkari aparta izan ziren', azaldu diote elkarteko arduradunek EuskalKultura.com-i. Menua erabat osatuz ‘txorizoak eta Marcela Magno de Ariztizabalek eginiko arrozesnea eta Graciela Escobar de Echavarríaren dulce de leche’ zerbitzatu zituzten.

[Goiko irudian Los Vascos tabernako patioan egin zen bazkaria]

Rio Gallegoseko intendente Héctor Roquel-ek eta Lozano zinegotziak euskaldunekin bat egin zuten. Bertan izan zen baita ere Marta Goyheneix artista, euskal elkartearen alde lan handia egin duen kidea, eta berarekin batera Juan Carlos Cernadas de Lamadrid, zinemagile eta idazle argentinarra, Rio Gallegoseko euskaldunen ospakizuna ezagutzeko gogo biziz.


Lotura interesgarriak

Hegoalde Argentinarrak zelai eguna ospatu zuen
EuskalKultura.com-ren argitaratua 2007ko abenduaren 3an

Mikel Ezkerroren bira Patagoniako Santa Cruz probintzian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 9an

Euskal Etxea Santa Cruzeko gobernadorearekin bildu zen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 24ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia