euskal diaspora eta kultura
2011/01/21
PUBLIZITATEA
Rio Gallegos, Argentina. Patagoniako Santa Cruz probintziako gizataldeek euren omenezko txoko berri bat dute, besteak beste Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak sustatu duen ekimenari esker. Joan den abenduaren 18an inauguratu zuten Gizataldeen Pasealekua eta bertan lekua dute Santa Cruz probintziako kolektibitateek. Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak, gainera, parte hartze handia izan zuen inaugurazio ekitaldiko jardueretan.
Ekitaldia ohorezko aurreskuarekin hasi zen, eta ondoren euskal dantza erakustaldia egin zuen Euskal Etxeko dantza taldeak. Dantzariak Santiago Torres Murua, Mailen Baudrix eta Maria Victoria Arizmendi izan ziren, azken hau taldeko zuzendaria ere. Dantza taldearen aurkezpena izan zen eta ikusleek txalo zaparradarekin hartu zuten euren erakustaldia.
[Euskal etxeko presidentea, Cesar Arizmendi, Hegoalde Argentinarreko dantzariekin: Santiago Torres Murua, Maria Victoria Arizmendi eta Mailen Baudrix (argazkia RioGallegosEE)]
Euskaldunen ondoren beste gizataldeetako taldeek ere erakustaldiak egin zituzten: Comodoro Rivadaviatik etorritako greziar taldea, galiziar gaita joleak, Sociedad Española-ko andaluziar dantzariak eta beste nazioetako hainbat ikuskizun. Jarraian Gizataldeen Pasealekuan izango den plaka desestali zuten eta herrialde bakoitzeko banderak igo zituzten.
[Santa Cruzeko Euskal Etxearen presidenteak igo zuen ikurrina Gizataldeen Pasealekuan (argazkia RioGallegosEE)]
“Ekitaldi honekin burutzen dugu urtean zehar gizataldeen kultura zabaldu eta sustatzen lagunduko digun erakundea (Gizataldeen Mahaia) sortzeko ahalegina", azaldu zuen Hegoalde Argentinarreko presidenteak. “Gure elkartetik beti bultzatzen ditugu harremanak beste gizataldeekin eta kirol arloan pala txapelketak bezalako arrakastak izan ditugu, adibidez, eta kultur arloan hezkuntz erakundeen eta giza eskubideen alde eginiko lana. Guzti hau urte bukaera bikaina da eta 2011rako beste ekimen asko ditugu ere".
[Euskal Herriak protagonismoa izan zuen gastronomia dastaketarekin, dantza erakustaldiekin eta, Gabonak direla eta, argazkiaren ezkerrean agertzen den Patagoniako Olentzero honekin (argazkia RioGallegosEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus