Buenos Aires, Argentina. Euskal Etxeak itxita Koronabirusagatik, Hego Konoko herrialdeetan atzeratu egin da aurrez aurreko eskolen hasiera, tartean euskara eskolena [gogoratu ikasturteak hemen urte naturalari jarraitzen diola eta urtero uda ondoren hasi ohi dela, martxo/apirilean]. Egun batzuk edo kasu batzuetan asteren bat behar izan dute, baina euskara ikasle eta irakasleak gogor saiatu dira, eta jarduera presentzialeko saioak bertan behera geratu direnez, zezenari adarretatik eutsi eta asko izan dira ikastaroak egokitu eta modu berri batean, birtualki, abiarazteko gai izan diren euskal etxeak.
Argentinan “Euskara Munduan” materiala eskura jarri du FEVAk, online erabili eta ikasleeei bidali ahal izateko, eta apirilean bertan hainbat euskal etxetan klase birtualak hasi dituzte, edo hastekotan dira, ikasleekin kontaktuan jartzen eta materiala eta taldeak mailaren arabera antolatzen. Eskolak hasi dira dagoeneko Viedman, Bahia Blancan, Santa Rosan, Rosarion, Buenos Airesen (Laurak Baten eta Euskaltzaleak-en), Cordoban (Gerora), San Nicolasen, Santa Rosan eta La Platan (Euzko Etxean zein Unibertsitatean), besteak beste.
Uruguain, hasi dira FIVUk antolatutako ikastaroak eta Etxepare Institutuaren online ikastaro berria, HABEren plataformaren bidez. Bizi dugun testuinguru berezia baliatzen ari dira, bestalde, hainbat lekutako euskaldunek parte hartzen duten bideokonferentziak antolatzeko, hala nola, Bartzelona, Madril edo Euskal Herri bertatik. Txilen oraindik ez dira eskolak hasi, baina aurrera egin dute egoera honek dakartzan erronka batzuk ahalik eta ondoen konpontzeko.
Topaketa birtualak egiteko zenbait bide erabili dituzte, besteak beste, Skype edo Zoom aplikazioa, edo ikasleentzako materiala eta ariketak igotzeko Moodle edo Google Classroom bezalako plataformak, edo materiala posta elektronikoz bidalita eta whatssap taldeka antolatuta. Era batera edo bestera, euskal etxe bakoitzak eskura zeuzkan edo lor zitzakeen baliabideak jarri ditu abian egoera berrira eta ikasleen aukeretara hobekien egokitzen zirenekin aurrera egiteko.
OHARRA: Zeure euskal etxea ere hasia bada eskola birtualak ematen, informazioa "komentarioa gehitu"ren bidez emenda dezakezu, eskerrik asko.