Zarautz, Gipuzkoa. TikTara musika taldea Zarautzen sortu zen 2010ean eta euskaraz abesten ditu sustrai latinoa duten aire eta musikak. Euskal Herriko zenbait tokitako zazpi musikarik osatua, plaza eta aretoetan kontzertuak eskaintzeaz gain euskal diasporari lotutako proiektu berezi eta polit batean ari da lanean gaur egun. Burutu ahal izateko, deialdi bat egiten die taldeak Hego Amerikako eta mundu osoko euskaldun eta euskal komunitateei.
Ubera izena eman diote proietuari eta bere baitan Hego Amerikara iritsi ziren euskadunen istorioak kontatu eta kantatu nahi dituzte. “Istorioak edozein garai eta herrialdetakoak izan daitezke; modu kolektiboan edo banaka gertatutakoak; guztiak interesatzen zaizkigu eta egiten diguten ekarpena oso baliagarria da guretzat”, azaldu diote EuskalKultura.eus-i.
Proiektua
Hasieran Ubera-k abesti sorta bat biltzea besterik ez zuen izan behar. “Baina migrazioen inguruan irakurri eta ikertzen hasi ginenean hori baino askoz gehiago izan zitekeela ohartu ginen. Badakigu bizi dugun momentu honetan antzezlan musikatu edo ikuskizun bat sortzea ez dela erreza; baina hala ere argi ikusi dugu, eta oinarrizko istorioak bildu eta hortik abiatuta musika eta hitzak idatzi nahi ditugu. Izugarri gustatuko litzaiguke proiektua taularatzea, dantza, antzerki edo ikus entzunezko formatu batean”, xehetu dute.
Izenari dagokionez, hautaketa ere lan sakon baten emaitza izan da: “Istorio eta hitzekin laguntzen ari zaizkigun idazleei esker, ‘ubera’ hitza aukeratu dugu. Itsasontzi batek uretan uzten duen arrastoaren izena da. Eta gure kasuan ere, Euskal Herria utzita milaka pertsonek Atlantikoa zeharkatu eta Amerikara joaten utzitako aztarnaren isla ematea bilakatu da osatu nahi dugun ekimen honen guztiaren xedea".
Deialdia
Euskal diaspora osatzen duten gizon-emakume guztiek ezagutzen dituzte edo hazi izan dira etorri zirenen istorioek inguratuta. Familiaren gutunetan irakurrita, aiton-amonek kontatuta, euskal etxean entzunda edo norberak bizi izanda… Guztiak izan daitezke inspirazio iturria TikTara taldeak garatu nahi duen proiektuarentzat. “Zenbait lurraldetako bizipenak lortzea zailagoa izaten ari zaigu, Brasil eta Perukoak adibidez. Baina biziki eskertuko ditugu nonahiko biografia edo istorioak kontatzeko prest egon daitezkeen lagunen testu edo audioak”. Materiala tiktara@gmail.com helbideta bidal daiteke.
TikTara
2010. urtean sortutako taldea den TikTarak bi disko ditu kalean: Sorrera (2013) eta Hariak (2015). Zazpikotea honakoek osatzen dute: Harkaitz Bastarrika (ahotsa, perkusio txikia eta gitarra), Jose Gallardo (saxo tenore eta sopranoa), Beñat Isasti (tronpeta), Amaia Ureta (pianoa), Aritz Luzuriaga (kontrabaxua), Iñigo Egia (kongak) eta Ander Zulaika (bateria eta paila).
[TikTara taldearen Oreka ez dugu galduko]
TikTara sareetan:
Facebook, TikTara
Instagram, tiktara_
Youtube, TikTara Taldea
Weborria, tiktara.com