euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hego Amerikan sortutako euskal gaiei buruzko irratsaioak entzungai munduko bazter guztietatik

2017/03/31

‘Presencia Vasca’k 27 urte daramatza uhinetan, Paraná-tik, Argentinako Entre Ríos probintzian
‘Presencia Vasca’k 27 urte daramatza uhinetan, Paraná-tik, Argentinako Entre Ríos probintzian

PUBLIZITATEA

Argentinan eta Uruguain euskal kultura zabaltzeko egiten diren irratsaioak ez dira atzo goizeko gauza. Teknologia berrien poderioz, ordea, saio horiek munduko bazter guztietara iristen dira gaur egun eta programak Internet duen edonork segi ditzake, sarearen bidez parte hartuz gainera. Zoritxarrez, saiook, ugaldu ordez, murrizten ari dira. Ikasturte berri honetan faltan ditugu saio horietako batzuk eta egiten zuten lan ona, Arrecifestik, Bahiatik...

Buenos Aires, Argentina. Esaten dutenez, komunikatuta egoteko edo komunikatuta sentitzeko beharra bizi dugun garai honetako ezaugarri nagusietako bat da. Euskal diasporan ere, lagun eta erakunde asko sare sozialen ohiko erabiltzaile bihurtu dira eta teknologia berrien abantailak erabiltzen dituzte munduarekin harremanetan jartzeko, lehenagoko "Euskal Herritik hamar mila kilometrora nago" hari buelta eman, paradigma aldatu eta harreman mota eta fase berri bati ekinez, distantzien antzinako kontzeptu eta menpekotasuna ohiko hura irauliz. Edo horretarako aukera izanez. Egoki baliatzen ditugu, baina, aukera berriak? (hori beste artikulu batera ekarriko dugu).

Komunikatzeko era tradizionalagoa da, baina aldaketa hauek iritsi zaizkio irratigintzari ere, besteak beste lehen lokala zena gaur egun globala bihurtuz, emisioak txukunduz eta hobetuz kalitatez eta eraginkortasunez. Planak ongi prestatuta, lan askoz ere hobea egin daiteke esparru honetan ere, indarrak elkarri lotuta eta koordinatuta. Hego Amerikan bost irratsaio egiten dira egun euskal gaiak jorratuz. Formula beretsua erabiltzen dute, musika eta oharrak, kulturaz. kirolez eta aktualitateaz, Euskal Herrikoaz eta Diasporakoaz zein tokikoaz. Lehen uhinetatik segi zitezkeen soilik, gaur baita internetez ere, edonondik, Facebook, Twitter edo emailez parte hartzeko aukerarekin. Hona saioak:

1) Raíces Vascas-Euskal Sustraiak, La Plata

La Platako Euzko Etxeak instituzioko kazetaritza karrerako ikasle diren Iñaki Agostini Zubillaga eta Lelio Sanchez dira Raíces Vascas-Euskal Sustraiak programaren aurkezle eta ekoizleak. Irratsaioa astelehenetan emititzen da arratsaldeko 6etatik 7etara Radio Alta Voz izeneko Interneteko irratian. Programa helbide honetan entzun daiteke: www.radioaltavoz.com.ar.

Facebook: Raíces Vascas-Euskal Sustraiak

2) Paranako ‘Presencia Vasca’

Federico Borras aurkezle, igandero emititzen da ‘Presencia Vasca’ saioa, goizeko 11etatik 12etara, hiriko Radio Universidad-en (105.7 Mhz). Internet bidez ere entzun daiteke,  irratiaren webgunetik, hau da www.fmuniversidad.com helbidetik. Programak oso formatu zalua du eta igandero berriak, musika, iritzi zutabeak –haien artean Mikel Ezkerrorena– eta euskara saio txiki bat eskaintzen dikie entzuleei. Urrundik euskal etxeari lotua den ‘Presencia Vasca’k 27 urte daramatza lanean.

Telefono zenbakia: + 54 343 434 7777
Emaila: presenciavasca@gigared.com
Facebook: Presencia Vasca Parana
Twitter: @presenciavasca

3) Rosarioko ‘Palabra de Vasco-Gora Euskal Herria'

Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxearen iritzi eta pentsamoldeen adierazle da 'Palabra de Vasco-Gora Euskal Herria' irratsaioa. Luis Maria Barrandeguy eta Cristina Arregui aurkezle, astearteetan entzun daiteke zuzenean, eguerdiko ordu batetik ordu bietara Rosarioko Libertad Irratiko 1090 Khz frekuentzian eta on line, www.amlibertad.com.ar webgunean. Saio guztiak Interneten daude entzungai eta eskuragarri www.zazpirakbat.com webgunean. Irratsaioaren helburua Zazpirak Bat-eko berriak eta oro har Euskal Herriko musika, elkarrizketak eta kultura zabaltzea da.

Telefono zenbakia: +54 341 530 0977
Emaila: radio@zazpionline.com.ar

4) Rosarioko ‘Tierra de gigantes’

“Euren jaioterria utzi behar izan zuten hainbat euskaldunen ahotsa gara… eta haien seme-alaba eta bilobena ere bai. Omenaldi bat egiten diegu euskaldun horiei, euren tradizioak eta ohiturak zabaltzen”, hitz hauekin aurkezten zaio ‘Tierra de gigantes’ saioa publikoari. Gloria Bilbao Calcaterra aurkezleak iritziak, berriak, musika eta sukaldaritza errezetak konpartitzen ditu entzuleekin ostegunetan, arratsaldeko 6etatik 7etara, FM Gran Rosario 88.9 frekuentzian. On line ere entzun daiteke, hemen www.radiogranrosario.com.ar.

Facebook, Tierra de Gigantes

5) Uruguaiko San Joseko ‘La voz del Centro Vasco’

Astero emititzen da San Jose herriko Emisora Principal izena duen irratian ‘La Voz del Centro Vasco’ saioa. Izenak adierazten duen moduan, San Joseko Euskaldunak Taldearen elkarteko ‘ahotsa’ da saioa, erakundeko Zuzendaritza Batzordeko kideek berek egiten dute eta euren berriez gain, oro har euskal kulturari buruz aritzen dira, ordu erdiz, larunbatetan goizeko 7:55etatik 8:30etara (2017ko zikloan ordutegia alda daiteke), FM 107.9 Principal frekuentzian. Zuzenean ere entzun daiteke, link honetan: www.emisoraprincipal.com.

FacebookEmisora Principal

6) Zortzi Probintziak, Uztaritze, Lapurdi

Diasporatik aireratzen ez bada ere, Diaspora dauka ardatz eta hizpide Zortzi Probintziak irratsaioak. Baionako (Uztaritze) Gure Irratiaren estudioetan egiten da eta Benoit Etcheverry dauka buru eta esatari, berarekin batera aritzen direlarik Esther Ciganda edo Philippe Acheritogaray bezalako kolaboratzaileak, eta saioro gonbidatu desberdinak. Euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez aireratzen da hilabetean behin, lehenengo igande gauean. Internetez, zuzenean segi daiteke Gure Irratiaren webgunean (www.gureirratia.eus), edo Zortzi Probintziak-en webguneak ere bide ematen du.

Facebookwww.facebook.com/8probintziak

Hauek Latinameriketatik aireratze diren saioak dira (gehi Uzaritzekoa). Artikuluan agertzen ez den irratsaiorik enzagutzen baduzu, idatz iezaguzu, zerrenda osa dezagun. Mila esker!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia