euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hego Amerika doa Kalakan eta Buenos Airesen, Montevideon eta Necocheako Euskal Astean arituko da

2016/09/09

Buenos Aires, Montevideo eta Necochean aurkeztuko da Kalakan azaroan
Buenos Aires, Montevideo eta Necochean aurkeztuko da Kalakan azaroan

PUBLIZITATEA

Biraren egitaraua oraindik erabat osatua egon ez arren, baieztatuta daude dagoeneko emanaldiak Buenos Airesen, azaroaren 5ean; Montevideon, azaroaren 9an; eta Necocheako Euskal Aste Nazionalean, azaroaren 11an. "Elementuak" eta "b_aldeak" diskoetan oinarritutako ordu eta erdiko ikuskizuna eskainiko dute Iparraldeko musikariek.

Buenos Aires, Argentina. Maila handiko ikuskizun berezi batez gozatuko dute aurten Necocheako Euskal Aste Nazionalean parte hartzen duten lagunek. Izan ere, baieztatuta dago Kalakan Taldearen kontzertua, Asteko ostiralerako. Baina Euskal Astearen baitan hirukoteak eskainiko duen emanaldia ez da Hego Amerikan eskainiko duen bakarra izango. Buenos Aireseko La Usina del Arte-n eta Montevideoko El Galpon Antzokian ere arituko dira Madonnaren ‘Tour 2012’ delako biran mundu mailan ezagunak egin ziren Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau musikariak.

EuskalKultura.com-ekin solasean, Atlantikoaren alde honetara etortzeko aukera nola sortu den galdetzean, oraingoan beren ikuskizun propioa aurkezteko, honako hau azaldu digu Xan Errotabeherek: “Xinpleki hasi zen bira egiteko aukera: Necocheako Euskal Etxetik deitu ziguten, gu hara joan gintezen aktuazioren bat egiteko. Jakinda zenbat gastu den musika talde baten bidaiaraztea, eta ezezkoa ez genuenez eman nahi, hango kultur arloko jende eta produktore batzuen laguntzarekin bira ttipi hau antolatzen hasi ginen. Oraingoz konfirmatuak ditugun emanaldiak, Buenos Aires, Montevideo eta Necochea dira. Interesa duten beste antzoki batzuetako arduradunekin hizketan gabiltza ondoko erresumetan jotzeko; beraz sorpresaren bat ere hel daiteke beranduago”, iragarri digu musikariak.

Ikuskizunari dagokionez, Errotabeherek azaltzen du "Elementuak" eta "b_aldeak" taldearen diskoetan oinarriturik dela. "Ordu eta erdiko kontzertua izango da". Bere musika tresna guztiekin bidaiatuko du hirukoteak eta ondorioz "orain arte beste hainbat lekutan taularatutako errezitala izango da, aldaketarik gabe edo izatekotan, aldaketa gutxirekin". “Berez, publikoa gure munduan sartzeko, landurik ditugun dekorazio, elementu eta argi batzuk ere eramango ditugu; hala ere hegazkinez bidaiatzeak materiala murriztera behartzen gaitu. Ondorioz, lekuko materialarekin ere saiatuko gara gure unibertsoa berriz sortzen”.

Thierry, Xan eta Jamixelekin batera soinu teknikaria ere etorriko da. “Gure soinu teknikariak leku handia du gure taldean, Kalakan-en laugarren kidea balitz bezala da. Garrantzitsua da berak gu ezagutzea, gure musika ezagutzea, ulertzea, sentitzea, bizitzea; honela elementu horiei esker gure lanaren emaitzari azken ikutua gehitzen ahal dio, publikoa sar dadin gure soinuan, gure munduan”.

Argentina edo Uruguaiko euskal etxeak bisitatuko dituzten galdetuta, euskal gizataldearekin elkartzeko aukera Necochean izango dutela erantzun digu artistak. “Plazer handia da gure ‘mugetatik kanpo’ beste euskaldun batzuekin topatzea. Oroitarazi nahi dugu, hala ere, munduak gure musika, gure artea, gure kultura ezagutzeko, euskaldunak ez diren lekuetan jotzera joan behar dela, eta hau gure xedeetako –eta gogoetako– bat da, horretan gabiltza lanean egunero!”, jakinarazi digu Kalakan Taldeko kideak.

Kalakan-en birari buruzko eguneraketak taldearen weborrian argitaratuko dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia