euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Hebentik' kultura elkarte zuberotarrak Maulen egoitza berria erosteko 10.000 euro biltzeko kanpaina hasi du

2007/10/01

Hebentik-Enia izango den etxea
Hebentik-Enia izango den etxea

PUBLIZITATEA

Hebentik --'hemendik' alegia-- da kultur bizitza zuberotarra biziarazten duen elkarte honen izena. Euren antzerki, kantu eta dantza proposamenek tradizioa dute oinarri, arte garaikidea sortzeko. Zuberoan arte herrikoi eta sorkuntzako gune bat eraiki nahi dute eta helburu horrekin Maule hiriburuko Matalaz karrikan etxe bat erosteko 10.000 euro biltzeko kanpaina jarri dute abian.
Hebentik elkarteak 10.000 euro bildu behar ditu bere egoitza propioa eskuratzeko. Mauleko Matalaz kalean dago eraikina eta elkartearen egoitza izateaz gain bertan bertsolaritza eta antzerki tailerrak egingo dituzte, besteak beste. Horrekin batera, egoitzan arte dokumentazio gunea sortzeko asmoa dute Hebentikekoek. 'Gure helburua arte herrikoi eta sorkuntza artistikorako gunea sortzen da', azaldu dio EuskalKultura.com-i Mixel Etxekopar Hebentikeko presidenteak.

Horretarako 10.000 euro bildu behar dituzte eta euskal gizarteari eta Diasporako euskaldunei laguntzeko deia egin diete elkartekoek. Bakoitzak ahal duena ematea eskertuko dute, berdin 10, 20, 50 euro... edota behar dituzten 10.000 euroak denak batera, azaltzen dute baikorki. Emaile hain eskuzabalik agertuko ez balitz ere, elkarteak edozein laguntza, nahiz eta txikia izan, onartzen du. Kanpaina honetara bildu nahi dutenek Hebentikekin harremanetan jarri behar dute, +33 -559191587 telefonora deituz edo e-maila bidaliz hona.

Pastoralak, jaialdiak eta Diaspora

Hebentikek bultzatu dituen ekimenen artean aipatu daitezke 'Oiherkoren trajeria' pastorala, Xiru jaialdia eta antzerki eta musika ekitaldi ugari. Azkenetako bat Etxebarren 007 da, Iparraldeko herri txikienean egin duten sorkuntza artistiko topaketa. 'Nahita aukeratu genuen Etxebarren bezalako herri bat, gune txikienetan ere sorkuntza guzti hori bildu zitekeela erakusteko', azaltzen du Mixel Etxekoparrek. Topaketa hartatik 10 ikuskizun sortu dira: musika, dantza, su artifizialak... Datozen hilabeteetan Euskal Herrian zehar izango dira ikusgai.

Etxekopar euskal Diasporaren aspaldiko ezaguna da. Kalifornian bizi dira bere senitarteko batzuk eta han izana da. 'Diasporarekin zerbait garatzeko gogo bizia dugu aspaldi. Baina zerbait garaikidea, bizia egin nahiko genuke', dio Etxekoparrek. Duela urte batzuk, Kalifornian zegoela, euskal artzainen esperientziari buruzko pastoral bat idatzi zuen zuberotar musikari eta kantariak. Kalifornian bertan pastorala egitekotan ibili ziren, baina azkenean ez zen gauzatu. Etxekoparrek ez du baina itxaropenik galtzen. 'Pastoral txikiago bat egin daiteke. Mauleko ikasleekin eta gazte euskal amerikarrekin egin nahiko nuke. Esperientzia ederra litzateke'.


Lotura interesgarriak

Hebentik elkartea
http://hebentik.wifeo.com

18. Xiru jaialdia, Zuberoan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia