euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Haztearren, gogoeta": FEVAk gogoetaldia deitu du Cañuelasen martxoaren 7 eta 8ko asteburuan

2015/02/03

2014ko FEVAren hauteskundetan hautatutako batzorde berria, Hugo Andiazabal eta Javier Ederra buru
2014ko FEVAren hauteskundetan hautatutako batzorde berria, Hugo Andiazabal eta Javier Ederra buru

PUBLIZITATEA

Aktibitatea martxoaren 7an hasiko da, larunbata, eta Argentina osoko euskal etxeei luzatu zaie parte hartzeko gonbitea. Izena emateko epea otsailaren 20an bukatuko da. Larunbat horretan bertan, baina aipatu ekitaldiaren aurretik, FEVAk pilota arloko beste bilera batera deitu du, euskal kirol honi buruzko zenbait erabaki hartzearren. Bi jardunaldiak Cañuelaseko Smata-ko instalazioetan izango dira. 

Buenos Aires, Argentina. “Kudeaketaren indarra berritzeko eta FEVAri buruz eta FEVAren eginbeharrei buruz hausnarketa bultzatzeko” ‘Haztearren, gogoeta’ izenpeko topaketan parte hartzeko gonbitea luzatu die FEVA edo Euzko Argentinar Bazkunde Alkartasunak herrialde osoko euskal etxeei. Elkarretaratzea martxoaren 7 eta 8an egingo da, honako programaren arabera:

-Larunbata, martxoaren 7a, eguerdiko ordu 1ean: bazkaria eta topaketaren hasiera. Gaua bitarteko lana.
-Igandea, martxoaren 8a, goizeko 8etan: lanaren jarraipena eta emaitzak. Eguerdiko ordu 1ean, topaketa amaitzeko bazkaria.

Debatea sustatu nahian eta denen parte hartzea funtsezkoa delakoan, honako galdera hauek luzatu dizkie Federazioak euskal etxeei, eztabaida bideratu eta bultzatzeko: “Zein da FEVAren betebeharra? Ze zentzu dauka Federazioak? Badakizue zer den FEVAk gaur egun egiten duena? Zuen ustez, gauza gehiago egin beharko lituzke? Hala bada, zer eta nola? Beharrezkoak al dira aldaketak? Zeintzuk?”

Euskal etxe bakoitzak bi ordezkari bidali ahal izango ditu bilerara. Ostatu eta otorduen gastuak FEVAk hartuko ditu bere gain; bidaiarenak, berriz, euskal etxeak. Jarduera Cañuelas hiritik gertu dagoen Smata predioan izango da, izena emateko epea otsailaren 20an bukatuta. zena ematea FEVAn egin behar da (feva2000@fibertel.com.ar) partaideen izen-abizenak, NAN eta iriste data adieraziz.

FEVA pilota

Bestalde, martxoaren 7an bertan baina goizean, euskal etxeen aipatu topaketa hasi aurretik, pilotazaleen bilkura egingo da leku berean, Smata-ko instalazioetan, hau ere FEVAk deiturik. Bilera 9:30etatik 12:30era luzatuko da eta garatzeko gaiak izango dira, euskal pilota bultzatzeko proiektu berriak eta FEVAk Euskal Pilotaren Nazioarteko Kontseiluarekin daukan harremana. Bilera honetan parte hartzeko izena emateko epea ere otsailaren 20an bukatuko da.

Kultur Eskaintza

FEVArekin zerikusia duten albisteekin amaitzeko, urtero bezala, aurten ere Federazioak plazaratu ditu euskal kultura zabaltzeko bere hitzaldi eta hizlarien zerrenda. Ohiko ereduari jarraituz, FederaziotikFEVAk eskualdeedo inguru bereko euskal etxeak proposamen bateratuak egitera animatzen ditu, asteburu edo bidaia berean hizlariak ahalik eta euskal etxe gehien bisitatu ahal izan ditzan. Orain arteko bideari jarraiki, FEVAk bere gain hartuko ditu hizlarien garraioa eta bertaratze gastuak; eta euskal etxe bakoitzak, hizlariaren janari-ostatuak eta hitzaldia antolatzeak dakartzan gastuak bereganatuko behar izango ditu. 

Hona hitzaldi eta hizlarien zerrenda:

-Euskal Nazioa eta etorkizuna izateko duen eskubidea (Marianela Rimini, Juani Saez)
-Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute (Laura Nobile)
-Euskal Herria: Nazio baten historia laburra (Cesar Arrondo)
-Euskaldunen Historia. 4 klaseko tailerra (Cesar Arrondo)
-Gernika lehen eta gaur (Bideoa eta hitzaldia) (Cesar Arrondo)
-Diaspora eta euskal gatazka (Cesar Arrondo)
-Ipar Irlandako Bake prozesua, eredu Euskal Herriarentzat? (Eugenia Cruset)
-Sorginak eta sorginkeria (Juan Carlos Ibarrola)
-San Juan, solstizioa eta sorginak (Juan Carlos Ibarrola)
-Euskal etxea, sentimendua eta formakuntza (Mikel Ezkerro)
-Euskal etxeetako gazteak (Mikel Ezkerro)
-Euskal sustraien bila (Mikel Ezkerro)
-Abertzaletasuna eta gerra zibila (Jose Domingo)
-Historiaurreko euskal gizakia (Jose Domingo)
-Euskal Herria Bai, bizitza, lana eta erabakiak hartzea Iparraldean (Carlos Martinez)
-Euskal pilotaren historia (Pablo Ubierna)
-Buenos Aires eta Rosarioko Emakumeak: errefuxiatuei emandako babesa (Mauro Vitullo)
-Euskal Herriaren historia berria, historia sozialari begirada (Sebastian Ruiz)
-Euskal Zinema (Carlos Gabilondo)
-Euskal kultura Francoren diktadura garaian (Emma Vila)
-Nori buruz ari gara ‘Euskal Herria’ esaten dugunean? (Emma Vila)
-Euskadi estaturik gabeko nazioen Europan (Fernando Lizarbe)
-Euskal Herriaren garapena, ohiko jantzien bidez (Magdalena Mignaburu)
-Bertsolaritzaren historia eta gaurkotasuna (Jose Noe Fernandez)
-Ipuina euskal literaturan (Elba Mocoroa)
-Euskal etxeak...Diasporaren erronka (Ricardo Basterra)
-Euskal kausa, betebehar politikoa (Ricardo Basterra)

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia