Buenos Aires, Argentina. Hazparne eta Argentina lotzen dituzten bi hitzaldiren gertaleku izan zen joan den azaroan Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea. Hazparne bertakoa eta herri lapurtarretik hiriburu argentinarrera etorririk, Beñat Çuburu Ithorotz ikertzailea mintzatu zen, eta segidan Agustín Wieckiewicz ikertzaile argentinarra, ikuspegi ezberdinetatik gai komun bat jorratzeko, esan nahi baita Lapurdi barnealdeko herri honetatik Atlantikoaren bestaldera etorritako euskal emigrazioarena.
Beñat Çuburuk "La emigración a América Latina desde Hazparne, un municipio de Iparralde" izenburupean eman zuen bere hitzaldia, bere ikerketa-lanen laburpena da, eta 1830 eta 1930 artean helmuga Argentina, Txile, Uruguai, Mexiko eta Kuba zutela Hazparnetik atera ziren 3.000 biztanleen historia bilduz. Halaber, Enrique Colina zuzendariak Çuburu Ithorotzen ikerketetan oinarrituta egindako “Hitza hitz” dokumentala proiektatu zuten. Filmak Ameriketara emigratu zuten nekazari, zapatari eta larru-ontzaile haien ondorengoen testigantzak jasotzen ditu, zenbait etorkinen istorioak berreraikiz. Filma hemen klik eginez ikus dezakezu.
Hazparne eta Avellaneda
Agustín Wieckiewicz-ek, “Catalina y el cementerio de Avellaneda” izenburupean hitz egin zuen. Avellanedaren historia jorratu du, lehen Barracas al Sud zena eta laster 150 urte beteko dituen herria, bereziki udaleko hilerriari dagokion ondarea. Nekropoliko hilobi zaharrenarekin topo egin zuenekoa kontatu zuen. Hilobi xume horrek Kattalin Dornaletxe hazpandarraren gorpua gordetzen du, 1845ean Jean Aphat zapatari hazpandarrarekin ezkondutako emakume gaztea. Bitxia bada ere, hilobian agertzen den data hilerria inauguratu baino 10 urte lehenagoakoa da. Izan ere, egun desagertutako hilerri zaharretik eraman zuten gorpua egun dagoen tokiraino. Gauzak horrela, Kattalinen hilobia da Avellanedako hilobi zaharrena eta aurreko hilerri haren arrasto material bakarra.
Hizlariek urrian egindako omenaldiaren testigantza eman zuten. Argentinako Euskal Aste Nazionalean parte hartzera Hazparnetik etorritako “Hazparneko Joaldunak” taldeko kideek, Wieckiewicz gidari, Avellanedako hilerria bisitatu, eta Kattalin herrikidearen hilobiaren aurrean, Kaxianoren “Itsasontzi Baten” eta Benito Lertxundiren “Loretxoa” abestu zuten, Kattalinen oroiz. “Hazparneko Loretxo”ari zioen, sorlekutik ekarrita plakak, handik egun gutxira hilobian jarri zenak.