euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hauteskundeak burututa, Asier Vallejo eta Sara Pagola agintarien bisita izan zuen FEVAko Biltzar Nagusiak

2013/04/22

FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterrak aurkeztu zituen joan den larunbatean Sara Pagola eta Asier Vallejo (argazkia EuskalKultura.com)
FEVAko lehendakaria den Ricardo Basterrak aurkeztu zituen joan den larunbatean Sara Pagola eta Asier Vallejo (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Larunbatean egindako Ohiko Biltzar Orokorrean, 23 bozkak eman zioten onespena FEVAren hauteskundeetara aurkeztu zen zerrenda bakarrari. Horrela, eta Federazioko estatutuek diotenari jarraituz, Zuzendaritza Batzordeko zenbait kargu berritu dira, tartean bi lehendakariorde. Laurak Bat-en egoitzan egindako bilkuran Federazioak omenaldi berezi bat egin zien Isidro Legarreta eta Mikel Ezkerrori. Biltzarra bukatuta Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitateentzako Zuzendari berria den Asier Vallejo eta Argentina-Mercosurrerako Euskadiren Ordezkari berria den Sara Pagola FEVAko kideekin bildu eta mintzatu ziren. “Hitz egitera baino, entzutera etorri naiz”, adierazi zien Vallejok bertaratutakoei.

Buenos Aires, Argentina. Zuzendaritza Batzordeko bloke bat berritu zuen joan den larunbatean FEVA Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak. Biltzar Orokorrari hasiera emateko, ongietorri hitzak eta mezu bat zuzendu zizkien erakundeko lehendakari Ricardo Basterrak euskal etxeetako ordezkariei. “Gazteen inplikazioa bultzatu behar dugu euskal etxe guztietan. Gazte batzuk ikus ditzakegu orain bilera honetan eta hori egindako lanaren emaitza da. Baina gehiago egin behar dugu. Euskal etxeetatik kanpo atera behar dugu, euskaldun direla oraindik ez dakitenak bilatu behar ditugu, guregana ekarri eta lekua eman behar diegu. Arbasoak ohoratzeko modu bat da hori ere. Are gehiago, zentzu batean ‘oldarkorrak’ izan behar dugu bilaketa horretan. Jendea gureganatu behar ditugu”, esan zuen Basterrak

2012ko Hauteskundeak

Euskal etxeen partaidetza eskasarekin, 24 guztira, zerrenda ofizialak aldeko 23 botorekin (bat zuria izan zen) irabazi zuen. Emaitza hauekin hautetsi hauek geratu dira:

-Batzordekidea,titularra: Ismael Martinez de Alegria; ordezkoa, Gerardo Bautista Echeverria. Euzko Etxea, Villa Maria. Agintealdia, 2 urte
-Batzordekidea, titularra: Miguel Angel Valencia Leoz; ordezkoa, Asier Iriberri Plazaola. Denak Bat, Mar del Plata. Agintealdia, 2 urte
-Batzordekidea, titularra: Damian Nicolas Cebey; ordezkoa: Juan Martin Hormazabal. Euzko Etxea, San Nicolas. Agintealdia, 2 urte
-Batzordekidea, titularra: Esteban Kain; ordezkoa, Jose María Etchegoin. Gure Etxea, Tandil. Agintealdia, 2 urte

-Kontu ikuskatzailea: Maria Angeles Oñederra, Toki Eder, Jose C. Paz. Agintealdia, urtebete
-Kontu ikuskatzailea: Pedro Mauregui Larranda, Zingirako Euskaldunak, Chascomus. Agintealdia, urtebete
-Kontu ikuskatzailea: Mónica Mercedes Azpiazu, Lagunen Etxea, Laprida. Agintealdia, urtebete

-Ohorezko epaimahaia: Xabier Olaizola (Buenos Aires), Isidro Legarreta (Tandil), Carlos Sosa (Bahia Blanca). Agintealdia, 2 urte
-Ohorezko epaimahai ordezkoa: Maria Luz Arteche (Arrecifes), Juan Gaillour (Mar del Plata), Felipe Eyheraguibel (Rosario). Agintealdia, 2 urte

2013ko FEVAko Biltzar orokorra 2013 01b 

[Hugo Andiazabal FEVAko diruzaina eta Ricardo Basterra lehendakaria bozkatzen (argazkiak EuskalKultura.com)]

Isidro Legarreta eta Mikel Ezkerro omenduak

Botoak zenbatu eta emaitzak jakinarazi ondoren omenaldi berezi bat egin zitzaien Argentinako Euskal Diasporaren bi erreferente diren Isidro Legarreta eta Mikel Ezkerrori. Sariak ematzeko ardura Xabier Olaizola, Carlos Sosa eta Felipe Eyheraguibel FEVAko lehendakari ohiena izan zen.

2013ko FEVAko Biltzar orokorra 2013 02

[Carlos Sosa, Felipe Eyheraguibel, Xabier Olaizola, Isidro Legarreta, Mikel Ezkerro, Ricardo Basterra eta Hugo Andiazabal (argazkiaEuskalKultura.com)]

Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien aurkezpen ofiziala

Urte hasierarekin batera, Gobernu berriko agintariak hasi ziren izendatzen Gasteizen. Argentinari dagokionez, bertako euskal gizataldeengan eragin eta tratru handiena izango duten bi pertsonen izenak urtarrilean eta otsailean jakinarazi ziren. Urtarril erdialdera Asier Vallejo izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitateentzako zuzendari; otsailaren amaieran, ostera, Sara Pagola Euskadiko ordezkari Argentina-Mercosurrerako.

Asier Vallejo Hego Amerikara egiten ari den lehenengo bira baliatuz, euren aurkezpen ofiziala egin zuten Vallejok eta Pagolak FEVAko Biltzarra bukatu eta gero. Iñigo Urkullu lehendakariaren agurra eta La Platako uholdeak direla eta Jaurlaritzaren kezka eta elkartasun mezua transmititu ondoren, Vallejok  lehenengo kontaktu honetan Argentinako euskal etxeetako kideen esanak entzutera etorri zela esan zuen: “Hitz egitera baino, entzutera etorri naiz”. Diasporarako zuzendariak berak landuko duen esparruaren koordenadak jakinarazi zituen bilkuran, tartean %40 murrizketaren ondorioz hartutako erabakiak. Zentzu honetan, azpiegituretarako eta ekipamendurakoa diru-laguntza kenduko dela momentuz, esan zuen Vallejok, baina premia larrietarako diru-laguntza, ordea, ez dela ukituko. Horretaz gain, dagoen aurrekontua era hobean banatu beharko dela euskal etxe handi eta txikien artean ere iragarri zuen Zuzendariak. 

2013ko FEVAko Biltzar orokorra 2013 03

[Ricardo Basterra lagun, Sara Pagola eta Asier Vallejo euskal etxeko ordezkariekin mintzatu ziren biltzarra bukatu ondoren (argazkiaEuskalKultura.com)]

“Baina dirua ez da dena. Badago laguntzeko asmoa, indarrak batzeko, eta mahai gainean proiektu batzuk ere badaude, hala nola, oroimen historikoa mantentzeko gauzatu nahi dugun artxibo digitala”, jakinarazi zuen Vallejok. Beste alde batetik, berarekin batera bira egiten ari den Andoni Martin teknikaria eta  Buenos Aireseko Ordezkaritzako Shanti Arrieta bekaduna aurkeztu zituen Vallejok eta Ordezkaritza euskal gizataldeko kide guztien esanetara dagoela azpimarratu zuen. Bukatzeko, Villa Marian egingo den 2013ko Euskal Aste Nazionalean egongo dela agindu zuen. Honekin lotuta, Villa Mariako euskal etxeko lehendakaria den Ismael Martínez de Alegriarekin bildu ziren, Mercosur-eko euskal gizataldeen ordezkarien bilera erregionala Euskal Astearen programan sar daitekeen aztertzeko.

Sara Pagola Mercosur-erako ordezkari berriak ere zuzendu zizkien hitz batzuk euskal etxeetako lagunei. Alde batetik, eskualdeko euskal etxe guztiak bisitatzeko asmoa duela baieztatu zuen. Beste alde batetik, krisi ekonomiko garai honetan denen artean Euskadi lagundu behar dela azpimarratu zuen.

Bildutako jendearekin mintzatu eta gero, bazkaria partekatu zuten bisitariek eta FEVAko kideek Laurak Bat euskal etxeko jatetxean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia