euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haurrak eskuaraz: kantuan eta jolasean euskara ikasten ari dira Bordeleko Euskal Etxeko ttipiak

2012/02/10

Bordeleko Euskal Etxeko haurrak jarduera batean (argazkia BordeleEE)
Bordeleko Euskal Etxeko haurrak jarduera batean (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Jolasek eta kantuek osatzen dute, eta hala ere, "elkartearen ekimen garrantzitsuenetako bat" da, Bordeleko Euskal Etxeko arduradunen ustetan. "Haurrak eskuaraz" programak Frantziako hiri honetan bizi diren euskaldunen seme-alabei euskaraz ikasteko eta euskal kulturan murgiltzeko ingurune alai eta dinamikoa eskaintzen die, eta iazko martxoan abian jarri zenez geroztik, erantzun polita izaten ari da. Astean behin hasi zena astean biko jarduera bihurtu da jada.

Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxea haurrentzako euskara eta euskal kulturan murgiltze ekimen berezia egiten ari da eta oso pozik agertu dira arduradunak orain arte izan duten erantzunarekin. Maya Duhaldek EuskalKultura.com-i azaldu dionez ikastaroa iragan martxoan hasi zen, entsegu gisa, eta irailean jarri zen abian ofizialki. Klaseak astean bitan ematen dira: larunbat goizetan (10:00-11:00) eta asteazken arratsaldetan (17:00-18:00). Helburua, Mayaren esanetan "gure haurrek Bordelen euskararen ikasteko eta euskaraz bizitzeko ahala izaitea" da.

"Aurten hamar bat ume baditugu, bi talde desberdinetan. Haurren gurasoak Iparraldean sortuak dira eta Bordelerat jinak dira lan egitera", azaldu du. Ikastaroan parte hartzeko baldintza bakarra gurasoak elkarteko bazkide izatea da eta, hori dela eta, euskal etxean izena eman dute hirian bizi ziren zenbait euskaldunek. "Kide jarri dira ikusirik bazutela interesa haurrentzako euskaraz den aktibitate horrekin", adierazi du Duhaldek.

Irakaslea Bordeleko fakultatean ikasketak egiten ari den gazte zuberotar bat da. "Xiberoko herri ttipi batekoa da eta biziki interesatua izan den proiektu horrekin, bai euskara inguruan baitzen, eta haurrekin zelakotz. Berarentzat izan da modu bat lan egiteko eta xox pixkat egiteko proiektu fruitutsu hortan".

Klase bakoitzak ordu beteko iraupena du eta neska-mutilek jolas egiten dute, dantzak ikasten, marrazkiak egiten eta kantuak abesten, beti ere euskaraz. "Umeek gustura dira erakaslearekin, egokia dena proiektu hortan. Badu ahala haiekin jolasteko edo izaiteko lagun edo otto baten moduan, nehoiz ez izanik gogorra eskolan bezala", gehitu du Mayak.

Ekimenak jarraipena izango duelakoan dira elkarteko arduranak; izan ere, Duhalderen esanetan "Bordaleko euskal etxearen proiektu garrantzitsuenetakoa da". Bertan izena eman nahi duenak Maya Duhalderekin jarri behar du harremanetan, haurrakeskuaraz@eskualetxea.org e-mailera idatziz edo 00-33-(0)662068910 telefonora deituz.

Bordeleko euskal etxearen webgunea, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia