Urtero bezala, aurten ere abiatu du Hator Hona programa Necocheako Euzko Etxea euskal etxe argentinarrak. Egitasmoaren baitan, mota askotako tailerrak ari dira ematen Necocheako euskal instituzioan uztailaren 17an argentinaratu ziren sei gazte euskaldunak. Eskolak emateaz aparte, eta anfitrioiekin “momentu ederrak konpartitzeaz gain” etxeko San Inazio programan ere hartuko dute parte gonbidatu europarrek.
Necochea, Argentina. Uztailaren 17tik abuztuaren 9ra arte arituko dira 2015eko Hator Hona-ko partaideak Buenos Aires probintziako Necochea hirian hainbat tailer eskaintzen, Euskal kultura zabaltzeko eta bertako jendearekin ezagutzak eta esperientziak trukatzeko asmoarekin.
Helburu horrekin, etorritako bakoitzak dagokion arloan lan egingo du egun hauetan: Miren Lekuona irundarra eta Alegria-Dulantzikoa den Nebai Callejo dantzaz ari dira arduratzen; Maider Otaegi ibartarra, berriz, trikitixa eta pandero klaseez. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, Izaskun Igoa eta Maddi del Campo dabiltza irakasle; eta nobedade gisa, Hator Hona-ren aurtengo edizioan saski-baloi jokalari-irakasle bat ere etorri da, Aitor Guridi oñatiarra.
Aurreko urteetan bezala, ikastaroena ez da izango Euskal Herriko sei euskaldun hauek izango duten betebehar bakarra. Izan ere, San Inazio jaian ere hartuko dute parte antolakuntzan nahiz festan bertan. Urtero legez, programa oparoa prestatzen ari da euskal etxea Loioloko San Inazio eguna ospatzeko, uztailaren 31an hasita. Hona hemen hitzorduen zerrenda:
-Uztailaren 31ean: goizeko 8etan, “Iratzartze Alaia” (Alegre Despertar); 11etan, agurra agintariei; 11:30etan, lore eskaintza Mariano Necochea generalaren eta Angel Murga-ren omenez; 12etan, omenaldia Gernikako Arbolaren kimuaren oinarrian; 12:30etan, txikiteoa euskal etxeko egoitzan; arratsaldeko 7etan, meza Santa Maria del Carmen Parrokian.
-Abuztuaren 1ean, Loiolako San Inazio Afaria
-Abuztuaren 7an, arratsaldeko 6etan, euskal etxeko adindunak omentzeko urtero egiten den ‘Aitona-amonen jaia’: dantzak eta askaria euskal etxean. Gaueko 10etan, Andra Mari Zuriaren eguneko ospakizuna. Afarirako, ohiko baratxuri-zopa prestatuko dute necocheatarrek.
Iñaki Deunaren omenezko ekitaldia behin amaitu, euren urteroko dantzaldia egingo dute 2015 honetan ere Necocheako gazteek. Hitzordua abuztuaren 15ean izango da, iluntzeko 8etan, euskal etxeko erabilera anitzeko aretoan eta dantza talde guztiak partaide. Ikuskizuna bukatutakoan, erromerian parte hartzera gonbidatuko zaie bildutako lagunei. Tabernan txistorra, solomoa eta ogitartekoak jarriko dira salgai. Sarrera libre eta doan.