euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hator Hona egitasmoak Necocheako gazteak ekarriko ditu Euskal Herrira hamar urteak ospatzeko

2013/06/03

2012ko Hator Hona egitasmoan parte hartu zuten neska-mutil batzuk (argazkia GazteAlai)
2012ko Hator Hona egitasmoan parte hartu zuten neska-mutil batzuk (argazkia GazteAlai)

PUBLIZITATEA

Aurten hamar urte bete ditu Necocheako Euskal Etxearen Hator Hona egitasmoak: hamar urte Euskal Herriko gazteak Argentinara ekartzen, euskara eta euskal kultura irakasteko hiri honetako neska-mutilei. Aurten, urteurrena ospatzeko Necocheako gazteak izango dira Euskal Herrira joango direnak. Gazte Alai dantza taldeko 20 kidek egingo dute bidaia, eta hainbat emanaldi egingo dituzte uztailaren 10a eta abuztuaren 11 bitartean.

Necochea, Argentina. Bidaia honen aurrekaria 2008an Gazte Alaiko beste 28 gaztek egin zutena izan zen. Orduan, euskal eta argentinar dantza ikuskizuna eskaini zuten Euskal Herriko hainbat herritan: Azpeitia, Oiartzun, Villabona, Lemoa, Hernani, Zeanuri, Legutio eta Etxarri-Aranatz. Oraingoan, dantzari belaunaldi berri batek izango du arbasoen lurraldean dantza egiteko aukera.

Aurtengo bidaiari dagokionez, badira dagoeneko zenbait emanaldi antolatuta: Bankan (Nafarroa Beherea) uztailaren 13an, Irurtzunen (Nafarroa) 17an, Tolosan (Gipuzkoa) 20an, Donostian 21ean (Gros auzoko jaietan), Bergaran (Gipuzkoa) 25ean, Pasaian (Gipuzkoa) 28an eta Lemoan (Bizkaia) 31n. Horiez gain, Gorlizen emanaldi bat ere egingo dute ziurrenik. Emanaldi horietako gehienak herri hauetako taldeekin lankidetzan egingo dituzte.

Bi urte bidaia prestatzen

Gazte Alai taldeko iturriek aditzera eman dutenez, bidaia honen antolakuntza "bi urteko lanaren emaitza izan da, izan diren erazgozpen guztiak gaindituz. Puntu honetara heldu gara gure sendien laguntzari esker, euskal etxeari esker eta gure komunitate osoari esker. Lagun askok eta oraindik ezagutzen ez ditugun kolaboratzaile askok ere sostengua eman digute, eta azken hilabeteotan gurekin lanean aritu dira buru-belarri Euskal Herritik, amets hau betetzen laguntzeko".

Era berean, taldeak lankidetza eskertu dio "La Platako Euskal Etxeari, izan ere, gutako askok hiri horretan ikasten dugu eta elkarteak dantza entseguak egiteko leku bat utzi zigun".

Amaitzeko, Gazte Alaik Necocheara biltzeko gonbidapena luzatu die bere ekimenetan parte hartu nahi dutenei, eta horretarako hurrengo hitzorduen berri eman du: dantza erakustaldia ekainaren 20an, San Juan eguneko erromerian, eta ondoren Sorginaren Erretzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia