Irailean bueltatu ziren Euskal Herrira aurtengo Hator Hona programarekin Necochean euskal kultura irakasle izan ziren zortzi gazteak, eta, harrezkero, sarri gogoratu dira han bizitakoaz. “Demasa”, “eredugarria”, “nere bizitzako esperientziarik politenetariko bat”… horrela definitzen dute hiru asteko egonaldia. Xabier Urtasun, Itxaso Saenz de Lafuente, Izaro Intsausti, Xabier Maritxalar, Uxue Etxebeste, Nekane Agirre, Beñat Konde, Eñaut Arretxe eta Olatz Mitxelena dira eurak.
Donostia-San Sebastian. La Platan Argentinako euskal komunitatea bildu da egunotan, Euskal Astea ospatzeko. Handik urrun, milaka kilometrotara, Euskal Herriko zortzi gaztek gogoan dituzte oraindik aurtengo abuztuan ezagutu zituzten euskal-argentinar lagunak. Hator Hona 2014 kultur trukean parte hartu zuten gazteak dira, eta hiru astez izan ziren Necochean, hango euskal etxean euskal kultura irakasten. Esperientzia bikaina izan zen, esan digute, eta ez dute berehala ahaztuko.
Zortzi gazteak honakoak dira: Xabier Urtasun, Irurita (Baztan), trikitixa irakaslea izan zen; eta baita Itxaso Saenz de Lafuente gasteiztarra ere; Izaro Intsausti ordiziarrak dantza klaseak eman zituen; Xabier Maritxalar lesakarrak, herri kirolak; Uxue Etxebeste alkizarrak, euskara; Nekane Agirre, sunbildarrak panderoa eta gastronomia; Beñat Konde elgoibartarrak, gastronomia; Eñaut Arretxe segurarrak, euskara, eta, amaitzeko, Olatz Mitxelena oiartzuarrak, dantza.
Hunkituta gogoratzen dute denek esperientzia labur baina bizi-bizi hura. “Aipatzekoa da Necocheako Euskal Etxearen indarra eta famili askoren lanarekin euskal kultura nola mantentzen duten, hainbeste kilometrotara bizi arren”, esan digu Uxuek. “Eta Hator Hona proiektua antolatzen duten gazteak ere aipatu beharra dago, beraiek egiten baitute posible proiektu hau aurrera ateratzea. Urteak joan arren, lehenengoa izango balitz bezala bizi dute eta hori nabari da. Beraiekin bizi izan genuen harremana oso estua izan zen aste hauetan”.
Urrun fisikoki, gertu sentimenduz
Euskal kultura irakatsi zuten gazteek, baina ordainetan beraiek ere gauza asko jaso zituzten: “Lagun berri asko eta gauzak egiteko eta ikusteko beste modu bat dira Argentinan jasotako gauzarik garrantzitsuenak. Euskaldunok munduan bakarrik ez gaudela jakitea ere aurkikuntza handia izan da. Gugandik urruti bizi dira fisikoki, baina oso gertu pentsaeraz eta sentimenduz”, adierazi du Beñat Kondek.
“Asko hirugarren edo laugarren belaunaldia dira (beraien (bir)aitona-amonak Euskal Herritik Argentinara joandakoak), baina Euskal Herrian jaioak balira bezala bizi dute dena”, gehitu du Eñaut Arretxek. "Harrigarria da belaunaldi batzuk eta gero, eta bertze kontinente batean, euskara ikasteko gogoa izatea, euskal musika tresnak menperatzea, euskal dantzak dantzatzea… Zalantzarik gabe, hain urrun gure ohiturak mantentzeko interesa eta Euskal Herria horrela bizitzen duen jendea aurkitzeak hunkitu egin nau", aitortu digu Xabier Maritxalarrek.
Argentinako euskaldunak
Neska-mutil hauek gehien harritu dituen gauzetako bat euskararekiko engaiamendua izan da. Eñaut Arretxek euskera klaseak eman zituen, eta ikasteko gogoa itzela dela azpimarratu du: “Duela urte batzuk hutsetik ikasten hasi ziren gazte talde bat dago, eta hauek benetan ongi dakite jada. Ia dena ulertzen dute eta elkarrizketa bat aurrera eramateko gai dira. Harrituta utzi ninduten!”.
Izaro Insaustik ikasle hauek eredugarri direla uste du: “Hego Amerikan euskara ikasten ari direnek zer pentsatuko dute euskara jakin eta erabiltzen ez duten euskaldunak ikusita?”.
Orohar, oso aberasgarritzat jo dute denek Hator Hona eta euskal gazteak bertan parte hartzera eta Diaspora ezagutzera animatu dituzte. Esperientzia honek eman dien gauzarik onena? “Lagun mordoa ezagutu izana, Euskal Herriaren parte ere badirenak, nahiz eta Argentinan bizi eta argentinarrak izan”, laburbildu du Xabier Urtasunek.