euskal diaspora eta kultura
2009/06/18
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Azken urteotan urtero bezala, Necocheako Euskal Etxetik honako eskaintza egin zitzaien Euskal Herriko gazteei, udan bertara joan zitezen: '18 eta 30 urte bitartekoa bazara, euskara, dantza, musika, gastronomia edo euskal herri kirolen ezagutzak badituzu eta besteei erakutsi nahi badizkiezu, zure kultura munduan ezagutzera eman nahi baduzu eta beste herri bateko jendea ezagutu nahi baldin baduzu... izena eman Hator Hona 2009n!' Seigarren urtez, Euskal Etxeak heldu zitzaizkion gazteen artean hautatu eta aurki, uztailaren 18an, bertan izango dira Euskal Herriko zazpi gazte.
Euskal Etxeak 2004. urtean jarri zuen martxan estreinekoz Euskal Herriko eta Argentinako gazteen arteko harreman programa hau. Ekimenak bi komunitateen arteko harremanak indartu nahi ditu. Aldi berean, Argentinan euskal kultura mantentzen eta biziberritzen lagundu dezan nahi dute antolatzaileek.
Hator Hona uztailaren 18tik abuztuaren 9a bitartean egingo da honako edizioan eta dagoeneko maletak prestatzen ari dira aurten Argentinara bidaiatuko duten euskal gazteek: ardura hartuko duten izena aipatuz, izango dira: Dantzan, Iratxe Garrido eta Leire Saldias; Kiroletan, Gorka Segurola; Musikan, Jone Arriolabengoa eta Andrea Losada; eta azkenik Euskara irakastera doaz Aitziber Iraola eta Jon Basaguren.
Iratxe Garrido, Barakaldotik Necocheara
Iratxe Garrido Barakaldokoa da, 22 urte ditu eta Dantza irakastera doa Necocheara. Iratxerentzat esperientzia berria izango da eta adierazi digunez, 'dagoeneko joateko irrika bizia daukat'. Garridok lagun baten bitartez izan zuen ekimenaren berri. Lagun honek orain bi urte egin zuen Argentinara bidaia eta esperientzia hain polita izanda, Iratxeri gomendatu zion. Garrido euskagintza alorrean egiten du lan eta ekimenak dituen helburuek erakarri zuten bereziki: 'proiektu polita da eta oso esperientzia aberasgarria izango dela iruditzen zait'. Dantza talde batean aritzen da bera dantzari gisa 'baina urteak dira, dantza irakasle bezala ere ari naizela'. Horregatik, Argentinara dantza asko egiteko asmoarekin doa. 'Leire Saldias nirekin arituko da dantza irakasten. Ez nuen aurretik bera ezagutzen baina antolatzaileek kontaktuan jarri gintuzten eta dagoeneko behin elkartu gara. Biak oso animatuta gaude eta desiatzen gaude bertara joateko'.
Egingo duen lehenengo bidaia luzea izango da berarentzat eta pixkat urduri dagoela aitortzen du. Pozik dago eta necochearren aldetik harrera ona espero du, 'momentuz beraiekin izandako kontaktua ona izan da, oso atseginak iruditu zaizkit. Han pasako ditugun egunetan ezagutuko gara eta ziur primeran moldatzen garela', dio.
Truke programa arrakastatsua
Aurreko urteetan, Euskal Herriko eta Necocheako gazteen arteko konexioa estua izan da eta iaz lehen aldiz, arazo ekonomikoak gaindituz, Argentinako zenbait gaztek 'Argentina ere Hator Hona' ekimena gauzatu eta bidaia antolatu zuten Euskal Herrira. Euskal Herrian zehar dantza erakustaldiak egin zituzten Hernani, Oiartzun, Lemoa, Zeanuri, Etxarri eta Azpeitian besteak beste.
'Hator hona-Vení a la Argentina' programa hau Necocheako gazteek sortua da eta Argentinako baliabide ekonomikoen eskasiari aurre egiteko irudimenaz eta gazteen arteko elkartasunaz baliatzen da. Euskal Herriko gazte partaideek Argentinarako bidaia ordaintzen dute, eta Necochean dauden bitartean bertako euskal familiek hartzen dituzte euren etxeetan. Parte hartu ahal izateko 18 eta 30 urte bitarteko behar da izan, eta euskara, euskal musika, dantza, gastronomia edo kirolen ezagutzak izan. Antolatzaileek ez dute bestelako titulurik eskatzen baina bai esperientzia pixkat, ezagutza batzuk eta, modu berezian, bakoitzak dakiena partekatzeko eta erakusteko gogoa.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus