euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hasiera arrakastatsuaren ostean, asteburu honetan segituko du Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen jaialdiak

2017/11/08

Euskal presentzia Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen jaialdian
Euskal presentzia Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen jaialdian

PUBLIZITATEA

Azaroko lehenengo bi asteburuetan luzatuko da aurten Bariloche hiriko Europar-Argentinar Gizataldeen Jaialdia. Inaugurazio egunean, aurreko asteburuan, eta urtero bezala, taula gainean zein standetan luzitu ziren bertako Mendiko Eusko Etxea-ko lagunak. Sukaldaritza txokoan, ezaugarri duten menu zabala eskaini zuten. Tauletan, Xiberoko Maskarada oinarri zuen suite batean batu ziren Euskal Etxeko dantza talde guztiak.

Bariloche, Argentina. Partaidetza nabaria izaten du euskal kolektibitateak Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen jaialdian; are gehiago aurten, Mendiko Eusko Etxea-ko Facundo Galvan kidea delarik festaren antolakuntza batzordeko presidente hautatua.

Jaialdia joan den larunbatean hasi zen eta datorren igandean bukatuko da, hamahiru kolektibitate partaide. Bi asteburuetan ardura handia izango dute Mendiko Euskal Etxeko kideek, antolakuntza lanetan ez ezik, standetan eta ikuskizunetan ere. Gastronomia txokoetan, menu zabalak eskaintzen zaie bisitariei. Euskal taldeari dagokionez, txibierroak, tripakiak Bizkaiko erara, tripakiak probentzar erara eta txistorra sagardoarekin prestatu zituzten. Postrerako, euskal pastela eta tartak fruitu gorriekin.

Oholtza gainean, berriz, oso ohikoa ez den proposamen bat aurkeztu zuten dantzariek. Taldeko zuzendarietako bat den Federico Ezquerrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Martin Quezada eta Luciana Haran beste bi zuzendariekin saiatzen ari gara Euskal Etxeko (adinaren arabera antolatutako) taldeek elkarrekin dantza dezaten. Hau da, normalean txikiek dantza bat taularatzen dute, ertainek beste bat eta helduok bestea, euren arteko harremanik izango ez balitz bezala. Gure proposamena da guztiak batu eta nahastea; eta horretarako suite bat osatu dugu: Xiberoko Maskaradako pertsonaiak –8 eta 10 urte arteko dantzariak– animatzen dira edalontzi gainean jauzika eta euren inguruan besteok Fandango eta Arin Arina dantzatzen ditugu”.


Bideoan, Barilocheko euskal dantzarien Xiberoko Maskaradaren zatitxo llaburra

“Hala ere, eta nahiz eta dantza arloan proposamen berri eta dinamikoak egiten ahaleginten garen, azpimarratu nahi nuke dantzariok Euskal Etxearekin daukagun konpromiso eta engaiamendua, hortik jasotzen baitugu dantzetan aplikatzen dugun indarra. Argi dugu Euskal Etxea gure etxe dugula, eta denon artean zaindu eta aitzinarazi behar dugula”, adierazi digu Ezquerrak.

Datorren asteburu honetan, Barilocheko Gizataldeen 38. Jaiak aurreko asteburuan emaniko antzeko programa bat aurkeztuz itxiko ditu larunbat-igandez aurtengo bere saioak, dantza eta emankizun dotore eta ilusioz prestatuak jendaurretuz oholtza gainean, eta hainbat gutizia eskainiz gastronomia atalean ere.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia